argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Lau indiar eta desinfektatzaile pixka bat
  • Duela ez hainbertze, Espainiako telebistaz telebista ibili zen, nazionalismo katalanaren oinarri ahulak agerian uzten. Hala iragartzen zuten: “Josep Borrellek bi minutuan desegiten ditu independentismoaren argudioak”. Edo beharbada minutu batean zen: zenbaki horrekin adierazi nahi izaten zen lana erraza zela, eta, eraitsi beharreko argudioak, munta gutikoak.

Santi Leoné @ororostorm 2018ko abenduaren 04a

Nik ezkerrekoa omen den umorezko saio batean ikusi nuen. Metodoa zen harrigarriena: bi topiko eta lau sinplekeria boteaz, frogatutzat ematen zuen Katalunia Espainia izan dela, dela eta izan behar duela. Halere, zer erraten zuen baino interesgarriagoa da zer gorpuzten zuen: herritar unibertsala, zibilizatua, hain zuzen ere katalana izateari uko egin eta espainola izatea erabaki edo onartu duen neurri berean.

Kataluniako historia bezala, AEBetakoa azaldu du oraindik orain Borrellek, metodo berbera erabiliz: bi topiko eta lau orokorkeria

Nolanahi ere, ematen zituen azalpen haiek guziak aski ez eta Katalunia desinfektatu egin behar zela ere erran zuen gero Kataluniako problema konpontzeko asmoa omen zuen ezkerreko gobernu bateko ministro bihurtuko zenak.

AEBetan ez dute desinfektatzailerik behar; izan ere, horixe da –betiere Josep Borrellen arabera– beren historia murritzean egin duten lan bakarra: lau indiar hil. Hiru ere izan zitezkeen: zenbaki horrekin adierazi nahi dugu lan erraza izan zela, eta indiarren biziak munta gutikoak. Kataluniako historia bezala, AEBetakoa azaldu baitu oraindik orain Borrellek, metodo berbera erabiliz: bi topiko eta lau orokorkeria boteaz. Harrigarriena da atzerrian ez duela etxean ohikoa izaten duen txalo zaparrada jaso. Are gehiago, kazetari frankok Borrellen arinkeria eta ezjakintasuna azpimarratu dituzte. Ez dute Espainia ulertzen. Lau indiar hil, lau politikari katalan kartzelan sartu: unibertsaltasuna ez da lan gozoa. Hemen denek dakite hori. Baita ezkerreko ministro eta kazetariek ere.