argia.eus
INPRIMATU
Norberaren portzentajea
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2018ko azaroaren 27a
"Mea culpa". Uxue Apaolaza. Elkar, 2011

Katalanez argitaratu dutenez, hamahiru urteren buruan berriz irakurri dut  Umeek gezurra esaten dutenetik, Uxue Apaolazaren estreinako liburua. Eta hamahiru urteren buruan berriz aurkitu dut periferiko, estrainio, erradikal, kontziente, umoretsu, Iban Zalduak zioen bezala, gaur gurean oraindik indarrean dagoen literatura buenista-tik urrun. Denboran gertuagokoa den Mea culpa ere irakurtzeko gogoa sartu zait hartara, bere garaian estreinakoak baino zalantza handiagoa eragin zidan eta.

Ordukoan baino gehiago atsegin izan dut protagonista, esan dezagun suabe, ez-ohikoa, horrexegatik erabat maitagarria (“Inbidia ematen dit jendeak bizitzeari ematen dion garrantziak, jartzen duten gogoak zoriontasunari dei egiteko, denbora aprobetxatzeko”). Atsegin izan dut antagonista, hau ere “gizarte zibilizatu baten funtzionamendurako behar den hurkoarekiko eskuzabaltasun minimoa” falta duena, bien artean sortzen den lotura afektibo definitzen gaitza. Baina, besteren gainetik, interesatu zait gatazkaren gaineko hausnarra, bereziki puntu batean fokalizatzen dena. “Miguel Angel Blancoren heriotza ospatzen zuen jendearen artean bizi nintzen eta ez nien ezer esaten”, dio une batean protagonistak, esateko gero: “Jakin nahi nuke pilatu dugun sufrimendu injustu guztiaren artetik nire ardura zein portzentaje den, nire errua”. Bukatzeko aitortzen sententzia bat, auskalo ispilu efektuagatik, barrenak aldrebesten dizkizuna: “Eta ez nintzen ez onena, ez txarrena, baina nire portzentajea da isiltasun konplizearena, biktima errudun egiten duenarena”.

Orain zazpi urteko zalantzak hor daude, istorioak pisu egiten du aurrera tarteka, gertaerek salto egiten dute batetik bestera, estiloak usu ez du kontakizuna laguntzen, batzuetan kosta egiten da aurrera egitea. Motzean: gehiago afinatzen duela luzean baino. Baina nobela honi bertute handiagoak ikusi dizkiot orain, edo gain hartu diotela bertuteek zalantzei, irakurketa kontuan hartzeko modukoa izateraino. “Belaunaldi baten hasiera ote?”, galdetzen zuen Gorka Bereziartuak Apaolazaren debutari eginiko kritikan. “Gu klase ertain horren ondorengo erreakzionarioak gara”, irakur daiteke Mea culpa-n. Belaunaldi bat, kontxo, gure belaunaldia.