Plastikoa non-nahi daukagu, gure bizitzan txertatuta erabat eta nahi izan arren ezinezkoa zaigu kanporatzea. Halakoa da nolabait Deustun sortutako Los Cosméticos taldearen ibilbidea eta izatea. Bilboko auzo honetako hainbat gazte aspaldi hasi ziren hardcore irekienari eta irudimentsuenari bueltak ematen, El Corazón del Sapo-ren gerizpean. Hala, Elfo Negro taldea sortu eta ehunka Gaztetxe eta squat-etan emanaldi irmo eta indartsuak egiten aritu ostean, poliki-poliki beraien soinua garatzen joan ziren; hala, Vitesse diskoarekin batera, bestelako gorpuzkera eta giroa lortu eta taldea bertan behera utzi zuten: ordurako distortsio eta intentsitatearen atzaparretan harrapatuta zeuden eta post-rockarekin liluratuta.
Hausnarketa garai baten ostean kideetako batzuk La Hora del Primate talde apurtzailean berpiztu ziren, Münsterland taldeko Jose Ramón Riojarekin batera. Garagea, distortsioa, Make Up, International Noise Conspiracy eta desparrame handia. Disko luze bat kaleratu zuten eta dozenaka kontzertu ero, eztandagarri. Ibilbide laburregia guztion zoritxarrerako. Etxafuego bat izan zen.
Ordurako bi Albertok eta Ivanek martxan zuten Los Cosméticos. 2015ean EP bat kaleratu eta erakutsi zuten post-punkaz gain, garagea, funka eta indie-a ederto ezkontzeko gai zirela. 2017an Danze! Zizek! Danze! lan luzea etorri zen eta, horrekin batera, kontzertu indartsu eta kutsagarri ugari. Gero eta noise-ago eta gero eta post-rockago, soinu sendoagoa eta “serioagoa” lortuz; soinu harresi baten bidean.
2017an Rockein! Lehiaketako lehen saria eskuratu zuten; eta hau da emaitza. Bost kantuz osatutako Puro plástico lana, hardcoretik eta garagetik erabat aldendu eta ibilbidean jasotako eraginak era moderno, ilun, indartsu eta intentso batean plazaratzen dituenak. Gaztelaniaz idatzitako kantak iraganean bezala oihukatu beharrean kontatu egiten dizkigute. Istorio surrealistak dira, domestikoak baina era berean arriskutsuak. Eta horretan datza power trio indartsu honen mamia: gitarra oso gogorrak, oinarri erritmiko oso sendoa, eta post-rocketik, noise-tik, electrotik (tantatan) zein psikodeliatik gogoz edaten duen koktela.