argia.eus
INPRIMATU
Enplegua, lanbide heziketaren bidez
  • 2030 urtera arte Espainiako Estatuan erdi-mailako lanbide heziketak (LH) eskaintzen duen prestakuntzako %65 profesional gehiago beharko dira, eta goi prestakuntzako %35 gehiago –goi mailako LH dutenak eta unibertsitari graduatuak–, Skill Forecast txostenaren arabera, Europar Batasuneko Cedefop eta Eurofund agentziek egina. Ikerketak dioenez, enplegua batez ere handituko da zerbitzuen sektorean, eta erronka izango da, Espainiako Estatuak lanbide heziketan eskolatze tasa baxuenetakoa baitu Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko gainerako herrialdeekin alderatuta: ikasleen %12 dago arlo horretan matrikulaturik, batez besteko %26ren oso behetik.

Juan Mari Arregi 2018ko azaroaren 28a

Euskal Herria ez da salbuespena. Are gehiago, “Euskal Herriko industria langileak bilatzen ari da Espainiako Estatutik kanpo. Gaur egun LHn dauden plazekin ez da aseko 4.0 industriaren eta antzeko puntako sektoreen eskaria”. Juan Carlos Tejadaren hitzak dira, CEOE espainiar patronaleko formazio zuzendaria. Txoko honetan aspaldi ari gara LH bultzatzeko beharraz hitz egiten. 70eko hamarkadan enpresa eta herri askotan zeuden maisutza-eskolak desagertu zirenetik, gazteak unibertsitatera joan dira enplegu seguruaren bila. Akats barkaezina. Zenbat unibertsitari ote dagoen langabezian, zenbat ez dagokion lanak egitera derrigortuta, zenbatek ezkutatzen dute euren egiazko formazioa curriculumean aukeraketa prozesuetan baztertu ez ditzaten...

Beharrezkoa da administrazio publikoek lanbide heziketari prestigioa eta bultzada ematea, enplegu duina lortzeko bidea izan baitaiteke eta haren bidez gazte-langabezia prebenitu. Etorkizuneko enplegua, bai gaur egun eta baita epe ertainean ere, lanbide heziketaren bidez lor liteke.