Omar lagunaren hamsterra akrobazia-istripu batean hil ondoren Ane triste jarri zen, beldurra sentitu zuen eta Pit bere hamsterrari “gauza bera gerta ez zekion, lanari ekin” zion. Ideia horretatik abiatzen da Txabi Arnalek eta Edu Zelaietak idatzitako istorioa. Eta hasieran bezala (“hiru gauza gertatu ziren Aneren bizitzan”), egitura errepikakorraren bidez Aneren bizitzan jazotakoak biltzen dira Torlojuak kontakizunean. Lehenbizi eskolan ditugu hiru gertakari xelebre, gero etxeko atarian beste hiru; azkenik etxean hiru tresna agertu ziren hondatuta. Eskolan eta atarian izandako bileren ondoren Aneren gurasoek susmatzen dute gertakari guztien erantzulea oso hurbil dutela… eta hala dela deskubritzen dute neskatoak guztia aitortzen dienean. Ane torlojuak biltzen ari da makina bat egiteko, gurasoak babestuko dituen makina bat eta horrela hauek ez dezaten amaitu Omarren hamsterrak bezala.
Irudimen handia eta umorea erabili dituzte egileek obran zehar gertatzen diren pasadizo guztiak kontatzeko, misterio gero eta handiagoa dugu gertakariek aurrera egin ahala, eta irakurlea ohartuko da torlojuak direla eskolako eskeletoa, pianoa, mapa, atariko leihoa, auzokoaren bizikleta eta abarri falta zaizkien piezak.
Ipuinaren egitura errepikakorrak irakurketa errazten duen bezala astundu egiten du narrazioa, izan ere gertakari asko biltzen dira, eta antzekoak, oso orrialde kopuru txikian. Egia da, bestalde, ilustrazio errealistek lagundu egiten dutela irakurketan eta ulermenean, zenbait kasutan testuak dioenaz haratago eramaten baikaitu ilustrazioaren mezuak, eta torlojuen pista batez ere ilustrazioetatik jasoko du irakurleak.
Idazleek erabilitako hizkera jasoa iruditu zait irakurleak kontuan izanik baina ulergarria da testuen laburrak eta ilustrazioak lagunduta.
Umorea aipatu dugu lehenago eta, egia esan, kontakizunak horixe lortzen du, irakurlea irribarrez uztea; txantxa, burutapen eta txiste batzuen bilketa dugu narrazioa… edo, serioago jarrita, nola erreakziona dezakeen haur batek heriotzaren aurrean; liburua, une honetatik aurrera irakurle bakoitzarena baita, baita haren kontakizuna interpretatzea, barre egitea edo serio jartzea ere.