argia.eus
INPRIMATU
Gorria, laranja, berdea, semea
Edu Zelaieta Anta 2018ko azaroaren 20a

Gorria: emakume bat lore sorta bati ari zaio solasean. Ez da hura ikusten duzuen lehen aldia, ez leku berean, ez modu berean. Gaurkoan ere, orain arte ikusi duzuen aurreko aldietan bezalaxe, bakarrik dago. Lore sorta ikusgarria hiriko auzo berri bateko etorbide –bulebar– zabal batean berritzen da, gutxi gorabehera kalkulatu duzunez, bizpahiru hiletik behin. Oraintxe gorria dagoen semaforotik 8-10 metro ingurura.

Laranja: Gasteizko Alde Zaharretik Salburura bizitzera etorri zinetenean, ordurako gurasotuak, ez zegoen semaforo hori. Auzokideen elkarteak administrazioari eskatua zion behin baino gehiagotan neurriak hartzeko: zebrabideak ez ziren errespetatuak izaten, eta etorbide zabalean ziztuan joaten ziren autoak. Garai hartan ez zegoen semaforo hori bera ba omen zen auzotarren eskaeretako bat.

Berdea: azkenean, alabaina, heriotzak landatu zuen semaforoa. Istripuaren egun tamalgarria gogoan duzu oraindik. Bolo-bolo zabaldu zen ezbeharraren berria, artean (zuentzat bederen) sare sozialak ordenagailuko kontuak ziren denboran.

Semea: galdera bat, aita: “Zer ari da emakume hori lore sorta bati solasean?”.