argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Iragan menderaezina
  • Ingelesak solas motzak ditu, eta, diotenez, sintaxi sinplea. Alemanak, berriz, hitz luzeak eta sintaxi astuna. Horregatik, Espainia aldean, ingelesa dakite guziek, edo, tira, ikasten ari dira, edo ikasi nahi dute. Alemanak ez du hainbertzeko arrakastarik izan; nor litzateke, adibidez, Vergangenheitsbewältigung bezalako munstrokeria bat ahoskatzeko gauza?

Santi Leoné @ororostorm 2018ko azaroaren 20a

Iragana menderatu, iraganari aurre egin, iragana kritiko aztertu han oinazea eta lotsa eta damua eragiten dituzten osagaiak ezagutzeko eta lantzeko. Horrelako zer edo zer da solas kilometriko hori. Nazismoaren inguruko eztabaidetan erabiltzen den kontzeptua da. Espainian, nonbait, arrakasta guti izan duena. Diskurtso publikoan, bederen, zeren akademian iragan frankistaz arduratu diren historialariak badira. Hainbat tertuliakideren ahotik sortzen den diskurtsoan, berriz, hedapen handiagoa izan dituzte Ernst Nolteren tesiek –alemana izan arren, izen motza duelako, segur aski– Pio Moaren galbahetik igarota: faxismoa txarra bai, baina funtsean, arrisku handiago bati, komunismoari alegia, arrapostua izan zen. Horren itzulpena: 1934an hasi zen Espainiako Gerra Zibila, eta hala errepikatu dute telebista guzietan telebista guzietara gonbidatzen dituzten kazetari jakin batzuek.

Urtetan, irrati anitz eta ez preseski minoritarioetan, Franco ez da diktadore izan, lehenagoko Estatuburua baizik

Urtetan, irrati anitz eta ez preseski minoritarioetan, Franco ez da diktadore izan, lehenagoko Estatuburua baizik, edo, gehienez ere, diktadore ohia. Urtetan, kontu ohikoa izan da Iruñeko Erorien Monumentuan Mola eta Sanjurjo militar kolpisten aldeko mezak egitea, normala izan da faxismoaren gorazarre egitea. Normala da, hortaz, meza horiek grabatu dituzten kazetariendako kartzela zigorra eskatzea, are normalago munduan barna dabiltzan joeren aldean Espainia hain different ez den honetan. Vergangenheitsbewältigung, zer ote da hori?