Taldekideek diotenez, EraBatera ia nahi gabe sorturiko taldea da. Gaizka Salazar Gatibu taldeko bateria jotzaileak martxan jarri du, eta bere intimitatetik sorturiko egitasmoa da. Mimo handiz landutako zenbait abesti bazituen, bere bizitzako garai zail bati aurre egiteko sortuak. Aita galdu zuen orain dela bost urte, eta horren ondorioz pare bat urte noraezean ibili zela aitortu du: “Antipodetan sentitzen nintzen, amatatuta eta burua beste toki batean nuela; hala hasi nintzen kantak idazten eta konposatzen”.
Beraz, dolua, samina da EraBatera taldearen eta bere lehen diskoaren abiapuntua. Mina baretu asmoz Gaizkak terapia gisa idatzi zituen kantak plazaratzeko beharra sentitzen baitzuen. Proiektua aurrera ateratzeko, eskarmentu handiko musikariak bildu ditu: Gatibu taldean berarekin aritzen den Mikel Caballero baxu jotzailea, Ken Zazpi taldeko Beñat Serna gitarrista eta Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza, abeslari gisa. Halaber, kantak grabatzeko garaian musikari hauen laguntza estimagarria izan dute: Eñaut Gaztañaga (programazioak), Juan Alberto Batiz (gitarrak), Ander Erzilla (saxoa) eta Akatz taldeko haize atala.
Pop-rock kutsuko kanta politak entzun daitezke diskoan, ongi apainduak, indartsuak, tarteka power pop edo hard rock ukitu batzuekin. Moldaketak, koruak eta ekoizpena ederki eginak daude. Nahiz eta gaur egun zaila den ezer berririk asmatzea, eta taldeak erabili dituen osagaiak ezagunak diren, beren gisara erabili dituzte, beste era batera, eta emaitza interesgarria da.
Kanten atzetik istorio pertsonal bat dagoela nabari da, min pertsonal bat. Sentipenak, kezkak, desioak ageri dira kantetan, harremanei buruz mintzo dira. Gaizkak berak idatzi ditu zazpi kantaren hitzak, eta Iker Olabarrieta adiskideak eta bertsolariak lagundu dio diskoan dauden beste bi kanten hitzak idazten.
Hurrengo hilabeteetan, EraBatera taldeak jendaurreko emanaldietan aurkeztuko du bere lehen diskoa, Josu Aginagaren (gitarra) eta Miguel Moyanoren (sintetizadoreak eta gitarra) laguntzarekin. Besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Baionan, azaroan.