argia.eus
INPRIMATU
Aita Santua izan nahi zuen beratarra
Fermin Erbiti 2018ko azaroaren 20a

Paperezko egunkaritik gehiena dut gustuko, eskelen errepaso azkarra barne. Duela gutxi, Josu Goiarena ikusi nuen bi egunkaritan, eta haren oroimenezko idazkia bietan. Lander Santamariak Diario de Noticias-en sinatuak honako izenburua zuen: “Josu Goia, uno de Bera que quería ser Papa”. (Josu Goia, aita santua izan nahi zuen beratarra).

Kazetari elizondarrak zioenez, Goiari txikitan piztu zitzaion aita santua izateko bokazioa. Argaya apezpiku beratarra herrian ezagutzean, hura hainbesterako ere ez zela pentsatu eta gorago jotzea erabaki zuen, sotanadun batek lor dezakeen mailarik gorena amets. Horretarako, jakina, Iruñeko seminarioan hasi beharra zegoen. Apezgai aritu zen garaian, teologia eta filosofiaz gain, pianoa, txistua eta gitarra jotzen ere ikasi zuen.

Erromako elizako burua izateko grina ahantzirik, hogeita bi urtetan Berara bueltatzea erabaki zuen. Geroztik, sorterrian herrigintza kontzeptuarekin laburbil daitezkeen hamaika saltsatan aritu zen

Erromako elizako burua izateko grina ahantzirik, hogeita bi urtetan Berara bueltatzea erabaki zuen. Geroztik, sorterrian herrigintza kontzeptuarekin laburbil daitezkeen hamaika saltsatan aritu zen: koruko zuzendari, txistulari, dantzari, elizako organista, musika eskolaren sortzaile, ikastola eta gau eskolaren bultzatzaile, Olentzero eta inauterien suspertzaile, herriko suhiltzaile boluntario, alkate, zinegotzi, parlamentari… Eskultura lanen bat ere utzi du herriko karriketan, eta Guardia Zibilarekin izaniko liskarren testigantza idatzia liburu batean.

Santamariaren idazkia irakurtzean, gure herrietan auzolanean nabarmendu diren beste gizon-emakume batzuk gogoratu nituen. Duela hiru urte, herriz-herri ibili nintzen, Nafarroako ikastolen 50. urteurreneko liburua idazteko elkarrizketak eginez. Egia esan, pagotxa izan zen Ikastolen Elkartearen enkargua. Izan ere, horri esker han eta hemen hamaika istorio interesgarri eta beste hainbeste gizon-emakume konprometitu ezagutu nituen: euskaltzale sutsuak, auzolanean zailduak, ameslariak, haize zakarrak nekez kikiltzen dituen horietakoak. Ikastolak martxan jarri ondoren, horietako askok lehen udal demokratikoetan parte hartu zuten, beratarrak egin zuen bezala.

Gisa horretako herritarren meritua aldarrikatu eta hortik guztiok irabazi duguna azpimarratu behar dela iruditzen zait. Herrian bizitzeaz gain, herria bizi duten gizon-emakume horiek asko ematen digutelako; saltsero bezain eskuzabalak izanik, era askotako lanak egiten dituztelako, musu truk gehienetan. Horien artean bazen bat, ahalegin guztiak herriari eskaintzeko aita santua izateari ere uko egin ziona: berriki hildako Josu Goia beratarra.