argia.eus
INPRIMATU
Hain hurbil eta hain urrun
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2018ko azaroaren 13a

Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari izenburupean Elixabete Garmendiak idatzitako liburua izan da egin dudan azken irakurketa. Guztiz gomendagarria. Aitortu behar dut ukitu eta hunkitu egin nauela. Ez bakarrik bertan kontatzen diren pasarteengatik, baizik eta konturatu naizelako gure historia hurbilaren zati oso inportante bati buruzko oso ñabardura gutxi nekizkiela. Eta zapore mikatz moduko bat geratu zait, liburua irakurrita ere gutxi dakidala sentitzen jarraitzen baitut.

Gernikako Estatutua berritzeko proposamena puri-purian dagoen honetan, funtsezkoa iruditzen zait garai hura bizi ez genuen belaunaldiok lege-papera idatzi zenean arnasten zen egoera ezagutzea. Deigarria da, adibidez, derrigorrezko hezkuntza arautuan ez dela historia hurbila ikasten. Besteak beste, frankismoa, Gernikako Estatutua edo Nafarroako Foru Amejoramendu Legea ez dira curriculumaren parte. Are gutxiago azken hamarkadetako gorabeherak. Hortaz, ikasketak hor eteten dituenak apenas izango du erreferentziarik gaur egungo Euskal Herriko egoera politikoa ulertzeko eta interpretatzeko.

Gernikako Estatutua berritzeko proposamena puri-purian dagoen honetan, funtsezkoa iruditzen zait garai hura bizi ez genuen belaunaldiok lege-papera idatzi zenean arnasten zen egoera ezagutzea. Deigarria da, adibidez, derrigorrezko hezkuntza arautuan ez dela historia hurbila ikasten. Besteak beste, frankismoa, Gernikako Estatutua edo Nafarroako Foru Amejoramendu Legea ez dira curriculumaren parte

Hezkuntza Sistemak herritarrak erabaki politikoen parte izatera bultzatu behar baditu, ikasleek azken hamarkadetako gertakarien berri izatea bermatu beharko luke. Hutsune horren zati bat Herenegun programaren bidez bete nahi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horren harira sortu den hika-mikak ere garbi uzten du zergatik kontatzen ditugun erosoago erdi aroa edo foruen garaia hurbileko pasarteak baino. Ez zaie gazteei tresnarik eman nahi bere kontakizun propioak sor ditzaten; ez zaie gertakizunen informaziorik eman nahi. Kontakizun bat eta bakarra inposatu nahi da, Espainiako Gobernuak eta, batez ere, aparatu mediatikoek bultzatutakoa. Horiek baitira kontakizunak helarazteko boterea eta gaitasuna dituztenak.

Zapore mikatza geratu zait, halaber, Garaikoetxearen figurari dagokionez, iruditzen baitzait gaur egun ez zaiola behar beste erreferentzialtasunik aitortzen. Badago etxean gurasoek askotan kontatu diguten pasarte bat bere bilakaeraren metafora gisa baliatu daitekeena. Gure amama eta aititeren etxeko korridorean bazen margo bat, handi xamarra eta etxeko leku nabarmenean zegoena. Margo horren markoaren ertzean sartuta Garaikoetxearen argazkia zeukaten, Jaurlaritzaren Lehendakari izateaz gain, etxeko burua ere bazena bere toki pribilegiatuari esker, gurtutako jainko hezur haragitua. Nik ez dut irudi haren oroitzapenik, artean jaio gabe bainengoen, baina gurasoek behin baino gehiagotan kontatu digute nola, EAJren barne krisia lehertu eta Eusko Alkartasunaren banaketa gertatu ostean, bisitan gindoazen bakoitzean argazkia gero eta jausiago zegoen, harik eta desagertu zen arte. Inoiz ez zuten kendu, baina grabitatearen indarrak eta denborak bere lana egin zuten eta etxeko toki nagusia galdu zuen. Nolabait esateko, ez zuten ukatu, baina jainkotze eta goraipatzetik ez egotera igaro zen. Urte asko igaro dira orduko hartatik, hogeita hamar baino gehiago, baina, bere biografia irakurri berritan, nago ez ote den bere ibilbidea ondo irudikatzen duen pasartea.

Erreferente historikoak identitate nazionala eraikitzeko bitarteko garrantzitsua dira eta iruditzen zait Garaikoetxearen figura eta biografiari zuku handia atera dakiokeela gaur egungo jokaleku politikoan. Motzean eta batere sakondu gabe, liburuan argi aipatzen diren bi kontu botako ditut: 1) Estatutua EAJrentzat behin-behineko irtenbidea zen, inolaz ere ez helburua;  eta 2) EAJren baitan erakundetuta zegoen ustelkeria oso argi deskribatzen da Iberdueroko buru batekin Lemoizko Zentral Nuklearra zela eta izandako elkarrizketan.