argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Fikzioaren egiak
  • Egia osoa izan gabe, egiatik sobera urruntzen ez den laburpen bat honelakoa izan liteke: Nafarroako Gobernuak lortu du Espainiako Gobernuak hondarrekoz transferitzea Foru Hobekuntzak foruzaingoari aitortzen dion trafikoaren gaineko eskumena. Horren ondorioz, Nafarroan dauden zenbait guardia zibil zereginik gabe geldituko dira; nolanahi ere, iduri du haiekin zer egin gobernu espainolaren ardura dela –edo behar lukeela–.

Santi Leoné @ororostorm 2018ko azaroaren 14a

Horraino gertatutakoaren kontakizun espantu handirik gabea. Nire iritzia argiago uztekotan, banuen parentesi ironiko batzuk tartekatzea; zehazteko, adibidez, Gobernuak lortu duen eskumena ez dutela urte luzeetan lortu beti mingainean foruen defentsa dutenek, nahiz eta Espainiako zenbait gobernurekin ongi moldatu.

Egiatik urrunago ala hurbilago, errelato –barkatu– guziek balio dute gure burua erretratatzeko: kontua da ateratzen den argazkia nolakoa den

Egia kontatzeak iritzia kontatzeko baizik ez du balio, edo hala dio Iban Zalduak bere azken liburuan dakarren aipu batek. Eta halaxe da: lehen lerroetan egin dudan kontakizunak oraingo gobernuaren aldekoa naizela salatzen du batez ere. Izan ere, fikzioa aise eraginkorragoa da, egia sakonagoak azaleratzeko. Ikus dezagun, beraz, fikzioa:

Oposizioaren arabera, Nafarroako Gobernua, zeina EH-Bilduren mende baitago, zeina ETAren mende baitago, Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzeko plan sekretu bat ari da betetzen, lurraldea desespainolizatzeko asmoz. Horregatik, UPNk eskatu du guardia zibilak foruzaingoan sar daitezela, eta ez dadila haien kopurua murriztu Nafarroan.

Fikzioaren egiak: ETArekiko obsesioa, konspiranoia, espainartasunaren defentsa amorratua –beti arriskuan ikusteraino–, eta espainiartasuna soilik indar polizialekin identifikatzea –hemen gelditu behar direnak, zereginik ez izanda ere–. Egiatik urrunago ala hurbilago, errelato –barkatu– guziek balio dute gure burua erretratatzeko: kontua da ateratzen den argazkia nolakoa den. n