Urriaren 25 eta 27 bitartean Euskal Herriko emakume baserritarren lehen topaketen lekuko izan zen Murgiako (Araba) Goikueta aterpea. Etxaldeko Emakumeak taldeak antolatutako ekimenean, elkar ezagutzeko eta saretzen hasteko aukera izan zuten hurbildutako baserritar eta landa eremuko emakumeek.
Etxalde mugimendua 2012an sortu zutenetik ikusi zuten bertako hainbat kide emakumek elkartzeko beharra bazutela. 2015ean Emakumeen Mundu Martxako karabana Euskal Herritik pasatu zenean, emakume baserritarrei haziak bidaltzeko deia egin zieten Etxaldeko Emakumeek. “Euskal Herri osotik hazi pila bat heltzen hasi ziren orduan: Ipar Euskal Herritik, Arabatik, Nafarroatik… eta hor ikusi genuen benetan bazegoela gogoa zer edo zer egiteko”, dio Maritxu Arroyo Cruz Etxaldeko Emakumeak taldeko kideak.
Jaso zituzten hazi horiek bezalaxe, Uzta Jasoz topaketetan ere Euskal Herriko txoko guztietatik iritsitakoak ziren emakumeak. Eta ez Euskal Herritik soilik; osteguneko mahai inguruan, esaterako, Via Campesinako atzerriko hainbat emakume baserritarrek hartu zuten parte: Indonesiatik, Paraguaitik, Almeriatik eta Frantziatik iritsi ziren. “Gure hausnarketak haiekin ere konpartitu eta topaketetan nazioarteko ikuspegia txertatzeko gonbidatu genituen”.
Tailer teoriko nahiz praktikoak izan zituzten asteburuan zehar topaketetako parte-hartzaileek, gazta fresko, pasta edota fermentoen inguruko tailerrak, adibidez. Irakaspen praktikoak tailer teorikoagoekin lotzeko ere aprobetxatu zuten zita. “Zigilu ekologikoaren inguruan eztabaidatu genuen, araudi higieniko-sanitarioen gainean, autodefentsa feministaren eta gatazken kudeaketaren inguruan…”, dio Arroyok.
Asteburua borobiltzeko, Murgiatik Bilboko Feministon Herrira lekualdatu ziren topaketetako emakume baserritarrak. Postua jarri zuten Bilbon, beraien proposamen politiko eta materialekin. Gero, inguruko emakume baserritarrek ekoitzitako produktuekin egindako bazkarira batu eta manifestazioan parte hartu zuten. 70 emakume baino gehiago hurbildu ziren topaketetara, eta guztiak gogotsu eta antolatzen jarraitzeko ilusioz bueltatu ziren etxera.