India, 1823. William Lambton Indiako topografia superintendentea hil zen. 1802an hasi zen hegoaldetik iparraldera azpi-kontinentearen azterketa topografikoa egin eta mapatan jasotzen.
Lan mardula osatzeko mende ia osoa beharko zuten, baina Lambton hil zenean, azken bost urtetan haren alboan aritutako George Everestek hartuko zuen kargua. 1830ean Indiako topografia arduradun nagusi izendatu zuten eta lurraldea iparralderantz aztertzen jarraitu zuen. Lur-neurtzaile zehatza izateaz gain, asmatzailea ere bazen eta topografia tresnetan funtsezko hobekuntzak egin zituen galestarrak. 1843an erretiratu zen, Himalaiara iritsi gabe, eta Andrew Scott Waugh izendatu zuten haren ondorengo.
1852an Radhanath Sikhdar matematikariak munduko tontorrik garaiena aurkitu zuen eta Waughi eman zion horren berri. Momentuz, XV. tontorra esan zioten mendi hari. Baina 1856an Waughek Everest izena proposatu zuen. George Everestek berak ez zuen nahi sekula ikusi ez zuen mendi hark bere izena izatea eta proposamen haren aurkako argudioak eman zizkion Royal Geographical Societyri 1857an: bertakoek ezin zuten everst idatzi eta ahoskatu, eta Indian jardundako topografo britainiarren irizpidea bertako jatorrizko toponimiari eustea izan zen. Horregatik, Kangchenjunga, Cho Oyu, Manaslu, Nanga Parbat, Annapurna eta halako izenak dituzte munduko gailurrik garaienek. Baina Waughek argudiatu zuen XV. tontor horrek ez zeukala jatorrizko izen garbirik, tibetarrek Chomolungma (ama sakratua) eta nepaldarrek Sagarmatha (unibertsoaren ama) esaten zioten arren.
Munduko bigarren gailurrarekin, K2rekin, antzeko zerbait gertatu zen, eta kasu horretan hasieran jarritako kodeari eustea erabaki zuten –Godwin-Austen esploratzailearen izena iradoki zuten arren, ez da sekula izen ofiziala izan–. Baina Royal Geographical Societyk Everest izena ofizialdu zuen 1865ean, George Everest hil baino urtebete lehenago eta haren nahiaren kontra.
Ipar Amerikako gailurrik altuena Alaskan dago eta bertakoek Denali (handia) esan izan diote beti. Baina 1896an William McKinley AEBetako presidentearen omenez, haren abizena jarri zioten mendiari eta hori izan du urte luzez izen ofiziala. 2015etik aurrera, ordea, jatorrizko izena, Denali, eskuratu du gailurrak, beste oker batzuk ere zuzentzeko berandu ez dela erakutsiz.