argia.eus
INPRIMATU
Euskal Elkargoko gobernantzari buruzko herritar auditoretza
Jakes Bortayrou 2018ko azaroaren 13a

Udazken honetan Batera plataforma 2017ko urtarrilean sortu zen Iparraldeko lehen erakunde publikoaren funtzionamenduaz auditoretza burutzen ari da. Urrian zehar, tokian tokiko 150 lagun bildu dira instituzio berriko bi urteko ibilbidean agertu diren elementu negatiboak zein positiboak zerrendatzeko. Bigarren fase batean entzuketak antolatuak izan dira, alde batetik jendarteko pertsona gaitu batzuen iritzia galdegiteko eta bestalde Elkargoaren ardura postuetan diren hautetsiak galdekatzeko, presidentea barne. Azkenik, abenduaren hasieran bildutako elementu guztiak kontuan harturik, hobetzeko proposamenak landuko dira, gobernantza gardenago eta demokratikoagora buruz joateko.

Batera plataformak urte luzez borrokatu zuen Iparraldeak lurralde kolektibitate propioa izan zezan. 2015ean, Frantziako Estatuaren jarrera eta indar harremana kontuan hartuz, Hirigune elkargoa lehen urrats gisa onartu zuen. Halere, plataformak lehengo helburua ez du abandonatu eta argi du lehen erakunde horrek ahal bezain ongi funtzionatzea ezinbestekoa dela, ondoko urratsak errazteko gisan. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan hainbat polemika piztu eta kexak agertu dira. Kostaldearen eta barnealdearen arteko haustura aipu da. Jende batzuk zentralizazioaz pleinitzen dira, botere urruntzeaz, beste batzuek susmoa dute, aldiz, tokian tokiko dinamika politikoak landu beharrean, ez ote diren politika teknokratikoak garatzen ari. Arkitektura instituzionalean aurreikusiak ziren lurraldeetako poloak ez dira oraino egituratu. Hautetsien artean adosturiko paktu fiskala hautsi da garraio zerga aurtendanik emendatzeko erabakiarekin. Hitzarmen eskasa eta gauzak tarrapataka egin direla aipatzen da.

Instituzioa sortzeko garaian horren kontra mobilizatu ziren sektore batzuk ozen eta azkar mintzo dira orain, akats guztiak azpimarratuz. Eta segur poztuko liratekeela sekulan Elkargoak porrot eginen balu. Espazio publikoan haiei ezin utzi hitzaren monopolioa. Elkargoa defendatu eta horren alde jendea informatu eta mobilizatu zuen Batera plataformari ere doakio hitza hartzea, objektibotasunez eta beharrez ikusmolde kritikoa agertuz, espiritu eraikitzaile batekin. Horretarako, Elkargoaren ibilmoldeari buruzko iritzi trukaketa, diagnostiko eta proposamenak eraikitzeko ariketa proposatu dio Iparraldeko jendarteari. Sortu berri den erakundearen ebaluazioa egitea sano eta beharrezkoa da beraz. Iparraldeko lehen instituzioa jendarte erne eta mobilizatu bati esker lortu zen gisan, geroari begira aitzinamendu berri batzuen berme nagusia izanen da jendartearen akuilua.