Abenduaren 25ean jaio eta su hartuko du panpin diaboliko delako batek eta berarekin mundu guztiak. Hala omen dio galbidean dagoen kristau sekta erraldoiaren kondairak; eta hala izan behar badu, hobe sekta suntsitzaile horrek gu guztiok hondoratu aurretik amildegiaren ertzetik azkar igaro eta ahal den heinean sektakoei kontra egitea. Ideia horren bueltan ari zen jatorri katalana duen Alex Montiel (HHH taldeko kide ohia), 2000. urtearen inguruan Donostian, 25th Coming Fire musika taldea abiarazi zuenean.
Tantaka funtzionatzen du hardcore talde honek, agertu eta desagertu egiten da, baina pazientziari eutsi eta adi egonez gero, tarteka sorpresa atseginak eskaintzen ditu. Hain zuzen ere, kostatu zitzaien estreinatzea, baina behin pausoa emanda, diskografia mamitsua batu dute: 2008an Reduced; Zinc talde madrildarrarekin diskoa erdibana 2009an; Bitterness 2010ean; No one is here to take your call… leave your message at the tone 2014an; Franco goes to Hollywood EPa 2016an; eta aurten, esku artean dudan Remains of the remains lana, boskotearen historian ezinbesteko mugarria bilakatu dena.
Donostiar horiek AEBetako hardcore eta punkaren ikur garrantzitsu izandako Poison Idea talde borobilaren abeslariarekin, Jerry A-rekin, kontaktua izan zuten eta harremana estutu ahala elkarrekin diskoa egitea erabaki zuten. Esan eta egin, oroitzapenen oroitzapenetan oinarrituta baina gaur egun dagoenari zaplazteko ederra ematen diona. Disko luzea egin dute, Euskal Herrian Bonbereneak argitaratua eta AEBetan American Leather Records-ek.
Esan beharra dago 25th Coming Fire Euskal Herriko hardcore taldeen artetik altxor ezezagunenetakoa dela. Hasierako urteetan partaide aldaketa dezente izan zituzten baina behin egonkortuta emankor dabil taldea, nahiz eta oso zuzeneko gutxi egiten dituzten. Bada, Jerry A-rekin batera osatu duten proiektua borobil-borobila da. Taldea sasoi onenean dago, kantek badute AEBetako iraganeko hardcore-punketik, New Yorkeko eskolatik, melodikoagoak diren patroietatik, baina entsalada oso trinkoa da, askotan bortitza, eta Amaia gutxietsi gabe Jerry A-k pisu handiagoa ematen dio. Azaroan Euskal Herrian kontzertu gutxi batzuk emango dituzte… eta zaila izango da errepikatzea!