Urtebete inguru daramate Nafarroan abeltzaintza arautzen duen Foru Dekretu berria lantzen. Baina zenbait abeltzain kritiko agertu da dekretu berriak bultzatzen duen abeltzaintza ereduarekin: “Foru Dekretuaren proiektua abere ekoizpen intentsibo eta industrialean oinarrituz egin da, honen garrantzia ekonomikoa soilik baloratuz”, salatu zuten urriaren 23an Iruñeko Katakrak liburu-dendan emandako prentsaurrekoan. Nafarroako Arartekoan aurkeztu dute 27 abeltzainek eta 9 alkatek sinatutako idatzia.
Atez bailarako Ezekiel Martin, Baztango Joseba Otondo eta Leitzako Mikel Zabaleta alkateek hartu zuten hitza Katakrakeko agerraldian. Gobernua lantzen ari den dekretuarekin beraien eskualdeetan nagusi den abeltzaintza eredu estentsiboaren baloreak guztiz baztertzen direla salatu zuten alkateek. “Produktuen kalitatea, animalien ongizatea, ekosistemen oreka, hazien banatzea, suteen aurreko prebentzioa edo lurraldeak maila ekonomiko, sozial eta ingurumenean mantentzea” ahalbidetzen duen abeltzaintza eredua, hain zuzen.
Foru Dekretu berrian animalien ongizatea baldintzen artean dago, esaterako, ustiategi bakoitzak mahuka propioa edukitzea. “Abereak lur komunalean daudenean, abereentzat mahuka eta aska kolektiboak daudenean, zergatik erosi beharko du bakoitzak berea?”, galdetzen dute abeltzainek. Zentzu berean doan neurria da abere ustiategi desberdinen arteko jardun bateratua debekatzen duena ere: “Abeltzaintza tradizionalean animaliak lur komunalean egoten dira sarri, eta jabe desberdinen animaliek eta espezie desberdinetakoek bordak, askak eta abar partekatzen dituzte”, diote.
Bolumenaren arabera ustiategiak sailkatzeko erabiltzen diren neurriak ere desegokiak direla diote idatziaren sinatzaileek. Esne ardien egungo sailkapena, esaterako, hiru taldetan egiten da: txikia (1.000 arditaraino), ertaina (1.000-2.000 ardi) eta handia ( 2.000 ardi baino gehiago). Egungo errealitatea kontuan hartuta sailkapen zabalagoa egin beharko litzateke sinatzaileen ustez, etxeko ekoizpenak, txikiak, ertainak, handiak, super handiak eta makroak ezberdinduz.
Zein da administrazioari landa eremuko abeltzain eta alkate hauek egiten dioten eskaera? Eredu intentsibo industrialaren eta tradizional estentsiboaren arteko bereizketa argia eginen duen dekretua idaztea, eskualde eta egoera bakoitzeko berezitasunetara eta antolamendura egokituko dena. Zeren eta bestela, ondorioak ez dira oso positiboak izanen haien ustez: gazteek sektorean leku egiteko arazoak, ustiategien transmisioan zailtasunak, lur komunalak kudeatzeko problemak…