argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Manipulazioa
  • Espainol onek badakite –espainol gaiztoak ere badira, kopurua zehaztea zaila den arren– Kataluniako TV3k manipulatzen duela. Naski ez dute sekulan ikusi; ikusi nahi izatera ez zuketen deus ulertuko zeren, katalan guziek gaztelaniaz xarmanki badakite ere, katalanez emititzen tematzen baita eta hori, nahasgarria izateaz gainera –hainbertze bokal, hainbertze izenordain ahul–, aski susmagarria baita. Espainol onek ez dute TV3 inoiz ikusi, eta beharrik ere ez, manipulatzen ez duten hedabide onek azaldu baitiete Espainiako erkidego hartako telebista publikoan manipulazioa dela nagusi.

Santi Leoné @ororostorm 2018ko azaroaren 06a

Orobat, manipulatzen ez duten hedabide horiei esker dakite espainol on guziek Altsasun jendeak gorroto duela Guardia Zibila, eta gorroto horrek bulkatu zuela bi guardia zibilek jasan zuten eraso basatia. Espainol onek beharbada ikusi zuten bortizki zafratua izan ondotik guardia zibil horietarik baten atorra zurian ez zela odol tantarik, artean hain zuria zela ezen maindire saindua bota eta Kristoren gorpua biltzeko balio bailezake, honen duintasuna inolaz ere menostu gabe; apika irudiak ikusiko zituzten, eta atzendu ere bai, manipulatzen ez duten hedabideek argi azaldu baitute gauza aditu gabea dela polizia baten ahotik gezurrik ateratzea.

ETB2ko Teleberrin ere “batzuk eta bertzeak” izan zituzten mintzagai Altsasun gertatutakoa komentatzean, eta ibiliko ziren batzuk eta bertze batzuk herrian barna, baina horrela adierazita iduri luke gauza bera dela herri batera arreta mediatikoa erdiesteko asmoz probokatzera joatea eta zure herrian horrelako eraso bat sufritu behar izatea.

Izanen dira, jakina, manipulatzen ez duen ETBren mezu hori sinesten duten euskal herritar onak, baina batzuetan euskal herritar gaiztook nahiago genuke ETBk pixka bat manipulatuko balu. TV3k bezainbertze, sikiera.