argia.eus
INPRIMATU
Maitasun gaindosia
June Fernández 2018ko urriaren 30

Sirenatxoa eta Ederra eta Piztia ziren txikitan nire pelikula kuttunenak. Sirenatxoa-k bere ahotsa entregatzen du, printze urdinarekin ezkontzeko promesaren truke. Piztia otzantzea eta barruan daraman printze urdina berpiztea lortzen du Ederra-k, maitasuna oztopoen gainetik gailentzen baita.

(Oharra: Domesticar hitza Elhuyar-ren bilatu dut. Ba al dakizue zein den hiztegi honek ematen duen adibidea? “Izaera gogorreko gizona zen arren bere emazteak pixkanaka otzandu du”).

Sirenatxoa-k irakatsi zigun amodioaren promesarengatik edozein sakrifizio egiteko prest egon behar dugula. Ederra-k (eta Elhuyar-rek), gure gizona baretzeko gai izan behar dugula. Lotura argia dago emakumeok txikitan jaso genuen heziketa sentimental tamalgarriaren eta indarkeria matxistaren mekanismoen artean.

Feminismora hurbildu garenean, ikasi dugu –Kate Milletek esan bezala– maitasuna emakumeen opioa dela eta aske izateko printze urdina akabatu behar dugula. Atzera begira egin eta konturatu gara nerabezaroan ordu gehiegi eman dugula mutilei buruz berbetan, sasi-mutilagunaren desengainuengatik negar egiten, bere deia itxaroten. Eta hazi ahala, lehenengo harreman “serioak” izan ditugunean, bikote harremana lehenesteagatik proiektu gehiegiri uko egin diogula eta piztiaren oldarraldi edota ozarkeria gehiegi jasan dugula.

Hortaz, maitasun erromantikoaren ideologia deseraiki behar dugula ulertu dugu, dinamika horietan berriro ere ez erortzeko –edo lesbianismora jo dugunon kasuan, bollodramen dinamiketan–. Eta orduan hasi gara hamaika liburu irakurtzen, hamaika hitzalditara joaten, Coral Herrera Gomézen online ikastaroak egiten.

Gaur epifania bat izan dut: maitasunari buruz horrenbeste hausnartzea ez da irtenbidea, tranpa baizik.

Feminismora hurbildu garenean, ikasi dugu
–Kate Milletek esan bezala– maitasuna emakumeen opioa dela eta aske izateko printze urdina akabatu behar dugula. (...) Gaur epifania bat izan dut: maitasunari buruz horrenbeste hausnartzea ez da irtenbidea, tranpa baizik

Epifania hori garatzeko, Maite Asensiok Mari Luz Esteban antropologoari aspaldi egindako elkarrizketa berrirakurri dut: “Emakume egiten gaituen zerbait badago, gure erdigunean maitasuna egon beharra da, gure bizitzako ardatz nagusia izan beharra. Horregatik uste dut maitasuna gure erdigunetik kendu behar dugula. Maitasuna erdigunetik kenduz gure emakume identitatea nahitaez eraldatuko da”. (…) “Ez dut esan nahi maitasuna bizitzatik kendu, baizik eta beste gauza batzuk jarri, orekatu. (…) Uste dut askatasuna oso inportantea dela, justizia, elkartasuna… Maitasun mota ezberdinak maila berean jarri behar ditugu; ildo horretan, kezkatuta nago adiskidetasunak ez daukalako merezi duen leku teoriko eta politikoa, praktikan garrantzia handia izan arren”.

Pikara magazineko ibilbidean, artikulu irakurrienen artean, gehienak maitasunari buruzkoak dira. ARGIAn idatzi ditudan zutabeen artean, mandarinenak izan zuen oihartzun gehien (laranja erdiaren paradigmaren alternatibari buruzkoa). Nire hiriko liburu-denda  feminista batek maitasunari buruzko irakurketa klub bat iragarri du eta argitu du arlo literarioa ez dutela aztertuko, amodioaz debatitzera mugatuko direla. Zergatik ez dugu irakurketa klub bat antolatzen adiskidetasunari buruz hitz egiteko? Aurtengo Zinemakumeak jaialdiak ere maitasun erromantikoa izan du ardatz. Bolsonaro, Salvini, Trump eta Casadoren botere garai honetan, zenbat ari gara maitasunari buruz espazio publikoan debatitzen eta zenbat eskuin-muturraren berrindartzeari buruz?

Kontraesana da maitasun erromantikoa gure bizitzaren erdigunetik kentzeko, gure hausnarketa feministen erdigunean mantentzea. Has gaitezen energia hori guztia beste lehentasun politikoetara bideratzen.