argia.eus
INPRIMATU
Hildakoen trenean klaseak daude
  • Derio (Bizkaia), 1902ko apirilaren 27a. Vista Alegreko hilerriak ateak zabaldu zituen eta egun Bilboko hilerri nagusia da.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko urriaren 31
Bilbotik Derioko hilerrira zihoan “hildakoen treneko” lehen klaseko bagoia.
Bilbotik Derioko hilerrira zihoan “hildakoen treneko” lehen klaseko bagoia.

XIX. mendearen bukaeran, beste hainbat tokitan bezala, geroz eta biztanle gehiago hartzen zituen hirigunean ez zegoen hildakoentzako tokirik, Abando, Albia, Begoña eta Mallonako hilerriak gainezka zeuden, eta Bilbotik hamar bat kilometrora, Derio eta Zamudio arteko eremu hura aukeratu zuten hildakoak ehorzteko.

Hilerri berriak abantaila bat zuen gainera; 1895 urteaz geroztik Lezamako ferrokarrilak lotzen zituen hiria eta Derio. Lehen urteetan zaila izan zen trenbidea eraikitzeko inbertsioari buelta ematea. Orduan landa gunea zeharkatzen zuen trenak eta bidaiari nahiz merkantzia gutxi eramaten zituen batetik bestera. Hilerri berria inauguratuta, merkantzia berria negozioa pizteko aukera ezin hobea zen. Baina hasierako urtetan ez zioten zukurik atera. Hilkutxak merkantzia bagoietan eramaten zituzten eta 11 pezeta kobratzen zituzten kutxako. Senitarteko eta gertukoentzako txartelak ere ez ziren merkeak eta, hala, bizidun gehienek oinez egiten zuten hilerrirako bidea.

1910ean Lezamako Ferrokarril Konpainiak eta Bilboko ehorztetxeek bat egin zuten, hileta agentzia berria sortu eta zerbitzu egokiagoak eskaintzeko. “Hildakoen tren” berezia sortu zuten –herritarrek hala esango zioten–, 1950eko hamarkada bitartean martxan egongo zena. Hiru motatako bagoiak zituen. Mariano del Corral tren enpresario aitzindariaren tailerretatik ateratako bagoirik dotoreena lehen klasekoa zen. Beira esmerilatuak zituen, eta egur landu finak. Hilkutxa bakarra eramaten zuen eta gertukoentzat egongela erosoa zeukan. Bigarren klaseko bagoiak bi hildakorentzako tokia zuen eta senitartekoek ere haiekin batera joateko aukera zuten, nahiz eta aurrekoak adinako luxurik ez izan. Hirugarren klaseko bagoia gertuago zegoen ohiko merkantzia bagoietatik. Hamar kutxa sartzen ziren bertan, baina hurbilekoek ahal bezala moldatu behar zuten hilerrira iristeko.

Heriotzak denak berdintzen omen gaitu, baina “hildakoen trenak” Deriora iritsi bitartean behintzat, ederki bereizten zituen.