argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Mintzatuz gero... Norekin, baina?
Santi Leoné @ororostorm 2018ko urriaren 30

Ez da naski Espainiako ezker guziaren leloa –ez gaitezen gu ere errazkerian eror–; bai, ordea, hedabideetan pisu handiena duen ezker ustez ilustratu baten lelo nagusietarikoa: “Mintzatuz gero, hau guzia konpon dezakegu”. Problema katalana da “hau guzia”, eta solas eginez erdiestekoa den konponbidea Katalunia Espainian gelditzea. Beharbada horixe izan da eta da problema espainola: jarrera toleranteena erakutsi nahi izan dutenek ere ez onartu izana independentzia konponbide bat izaten ahal zela. Ez bakarra; bai balizko konponbideetarik bat.

Horretan lagungarria izan da Guillem Martinezen bereizketa –herriaren prozesua, batetik; murrizketak barkarazteko edota atzenarazteko asmoz alderdiek bulkaturiko prozesu ofiziala, bertzetik– hartu eta sinplifikatzea, gertatutakoa bi indar itsuren talka izan dela adierazteko: Alderdi Popularraren autoritarismoa (zeina ezaugarri politikoa baita) eta independentisten egoskorkeria (zeina haurrei egozten zaien makurra baita). Jordi Évolek inork baino hobeki laburbildu zuen txio olinpiar batean: “Hau desastrea! Zeinen gaizki, dena”.

Évole bera etorri zaigu bertze behin azaltzera mintzatuz gero hau guzia konpon dezakegula. Aldez aurretik, jakina, independentistek egindakoarengatik damua agertu eta onartu behar dute honek guziak ez duela deusetarako balio izan. Horren trukean, nagusi den ezker tolerantea politikari presoak askatzearen alde azalduko da.

Bertze egun baterako geldituko da galdegitea hainbat katalanek –urriaren 1ean zafratuak izan ondotik eta auzo nazioko erregeak eta herriak aho batez “a por ellos” kantatu ondotik–, noizbait lortuko duten ez eroso sentitzea, baizik eta irenstea Estatu horren pean segitu behar dutela bizitzen.

Mintzatuz gero, hau guzia konpon dezakegu. Norekin, baina?