Bi gauzaren artean dagoen harremanean oinarrituz, bati bertzearen izena ematea da metonimia: Picasso bat erosiko bagenu, Picassoren koadro bat erosiko genuke –Ana Malagon edo Iban Zaldua bat irakurri dut gaur goizean: gauza bera eginen da noizbait ipuingileekin? Zutabegileekin egitera ailegatzea da, jakina, nire egiazko interesa–.
Prentsan, legenarraren antzera erabili izan dute anitzek metonimia, eritasun politiko baten hedadura nabarmentzeko: Fermin Muguruzak, errate baterako, ETAren aldekoa izatearen estigma darama, eta hari elkarrizketa egiten dionari terrorismozaletasuna kutsatuko zaio, barkamena eskatu behar izateraino. Metonimiak, kontu erretorikoa izanik, irudimenaren eremuan funtzionatzen du hobekien: Rafael Vera edo Pio Moa, alegia Muguruza ez bezala egiazko talde terroristetan parte hartutakoak elkarrizketatuz gero, ez da hain erraz aktibatzen.
Espainiako politikan Podemos alderdia Venezuelarekin nahasten duen metonimiak izan du arrakastarik handiena: Nicolás Madurok zer egin, harengatik kontuak eskatu izan dizkio Espainiako prentsa jakin batek Podemoseko buruzagiren bati. Horregatik ez dut pentsatu nahi zer gertatuko zatekeen oposizioko kazetari bat ezkontzeko behar dituen paper batzuk hartzera Venezuelako enbaxada batera sartu eta han poliziak hartu –tartean Maduroren bi bizkartzainek– eta, enbaxadorearen aitzinean, hozki torturatu eta erail izan balute. Zer, munduak jakin izan balu zazpi minutuz garrasika aritu zela kazetaria, mutilatzen zuten bitartean. Zer erranen zuketen tertulietan. Noren dimisioa eskatuko.
Baina, erran bezala, metonimiak alegiazko erreinuetan funtzionatzen du hobekien. Kontatutakoa Venezuelakoa ez den enbaxada batean gertatu den honetan, inork ez baititu begi-bistako metonimiak egin.