1. Eskolak utzi egin behar dio hezitzaile izateari, kontzeptua baserri giroan eman ohi zaion adieraren arabera ulertzen badugu, bederen. Mahai-inguru batean erraten entzun nionez, kezkatzekoa zaio Itxaro Bordari hezi aditzarekin izendatu izana haurrei eskolan eskaintzen zaiena, hezteko behar izaten den biolentzia inplizituagatik.
2. Duen sakoneko (eta benetako) esanahiari men, inausketa du heziketak haurraren izaeran burutzen, bere natura otzanduz, burujabe izateko duen berezko gaitasuna hutseratuz. Haurrak modelatzeko joera horri ihes egin nahi dion eskolak, askatasuna ezarri beharko du heziketaren tokian. Ez dadila saiatu haurraren natura modelatzen edo gure moduetara egokitzen.
3. Horretarako, errotik erauzi behar du direktibotasuna. Zeren harreman osasungarri baterako abiapuntu egokia iruditzen al zaizue beste baten gainean gidari gisa ezarri nahi izatea? Bada, haurrei ere utzi egin behar zaie beren urratsen egile izaten eta beren bizitzari dagozkien erabakiak hartzen.
4. Direktibo izateari uzteko, baina, haurrenganako konfiantza berreskuratu beharra dago. Lasai egon, haurren baitan berezkoa da-eta ikasteko eta hazteko bulkada, oso bizirik daudelako, eta bizirik egotearen ondorio naturala baino ez delako ikastea. Lur egokia aurkituz gero, naturak guretzat programatutako guziaren loratzea denbora kontua baino ez da.
5. Ez irakatsi. Zugan dagoena erakutsi, maite duzuna edo dakizuna, baina ez behartu inor hori barneratzera. Hasteko, inposaketa beti delako gauza itsusia, baina gainera, ikasketa ez delako inposatzen ahal, norberak duelako erabakitzen zer ikasten edo barneratzen duen. Norbere interesetatik abiatzen ez den ikasketa ez da inoiz esanguratsua.
6. Eta orduan, zein izanen da helduen egitekoa, irakasle eta haurren bideratzaile edo gidari izan behar ez badute? Bada, haurren bidelagun bilakatu. Bidea haur bakoitzarena izanik ere, gure presentzia ezinbestekoa delako haurrak emozionalki eta fisikoki seguru sentiarazteko, erabateko heldutasuna lortu bitartean lagunduak izateko.
7. Ez finkatu denendako curriculumik. Egonen dira denek ikasiko dituzten gauzak –idazten edo irakurtzen, adibidez– behar-beharrezkoak izate hutsagatik denei eginen zaielako uneren batean horiek ikasteko gogoa. Baina gainerakoan, jakintza-ibilbide propioa egiten du pertsona bakoitzak, interes eta dohain beti partikularren arabera. Denok ez ditugu zertan gauza berdinak jakin.
8. Eskola-komunitatea osatzen duten pertsonen arteko harremanen nolakotasunari behar zaio batez ere arreta jarri, bere funtzionamenduaren bitartez munduan kokatzeko modu bat duelako inplizituki erakusten. Oraingo eredua, sistema autoritario baten biziraupenerako funtsezko pieza da, erraietan berean txertatzen baitigu gidariaren beharra, uneoro adieraziko diguna zer egin, nola, noiz eta norekin.
9. Eskolak ez ditu haurrak homogeneizatu behar, sakratua baita haur bakoitzaren berezitasuna. Horregatik, ez da komeni haurrak adinaren arabera taldekatzea, artifiziala izateaz gain –komunitate naturalak adin ezberdineko pertsonek osatuak dira– haur orori eskakizun bera egitea suposatzen duelako, lehiakortasuna sustatuz eta haurren erritmoa ezinbestean bortxatuz.
10. Eskola-arrakasta zer kontsideratzen duen gogoeta sakona egin beharko du haurren lagun ona izan nahi duen eskolak. Orain eta hemen, oso eztabaidagarria den sistema baten eskakizunei men egiteari esaten zaio. Bereak alde batera utzita, beste baten interesei egokitzen jakiteari, horretarako beharrezkoa den profil psikologiko zehatza garatzeari. Eta hori, noski, ez da kalterik gabekoa, ez eta doakoa. Haur batzuren pasibitatea eta errebeldia beren izatearen kontra egiten duen sistema baten kontra erresistentzia egiteko modua baino ez da.