argia.eus
INPRIMATU
Errezil sagarra zabaltzen emakume baserritarrak motor
Garazi Zabaleta 2018ko urriaren 29a
Jone Irulegi Amenabar, Begoña Galarraga Toledo eta Maria Jesus Galarraga Galarraga, Errezilgo Azoka elkarteko kideak. Argazkia: Dani Blanco.
Jone Irulegi Amenabar, Begoña Galarraga Toledo eta Maria Jesus Galarraga Galarraga, Errezilgo Azoka elkarteko kideak. Argazkia: Dani Blanco.

Gipuzkoako herriaren izena jasotzen duen sagar barietate ezaguna da Errezil sagarra edo Ibarbia sagarra. Duela 30 urte inguru, Errezilgo hainbat emakume elkartu eta sagarrari aterabidea emateko aukera berrien bila hasi ziren lanean. Egun Errezilgo Azoka den proiektuaren lehen pausoak izan ziren: “Jendea asko mugitzen zen inguruko azoketara sagarra saltzera, eta pentsatzen jarri ginen ea zer egin genezakeen jendea sagarra erostera hona bertaratzeko eta sagarrarekin egindako produktuak salmentan ateratzeko”, dio Jone Irulegi Amenabar proiektuaren sortzaileetako batek.

Transformazio gunea eta denda

Errezilgo Udalak utzitako lokalean sagarrak saltzeari ekin zioten hasieran proiektua abiatu zuten zazpi emakumeek. Sagarra bere horretan saltzeaz gain, bakoitzak norbere etxean egiten zituen sagar dultze, marmelada, konpota eta bestelako produktuak ere saltzen zituzten. Duela hogeita bost urte inguru, ordea, jauzi garrantzitsua eman zuen proiektuak: Udalarekin elkarlanean transformazio gunea martxan jarri eta ordu arte bakoitzak bere baserrian egiten zuena elkarrekin lantzen hasi ziren. “Espazio horretan egiten dugu dena: elaborazio guztiak, etiketatzeak… eta hortik ateratzen dira produktuak Errezilgo Azoka markarekin”, dio Irulegik.

Hasierako eskaintza Errezil sagarrarekin egindako produktuena izan bazen ere, segituan ohartu ziren gauza gehiago bazirela herrian eskaintzeko. “Fruitu ezberdinak ekoizten dira, udare eta aranak adibidez, eta horiekin ere marmeladak egiten hasi ginen”. Egun, askotariko produktuak daude Errezilgo Azoka barruan: garaiko babarruna, intxaurra, hurra, gazta, baserriko ogia… Eraldaketa gunean bertan duten dendan nahiz inguruko azoketan saltzen dituzte produktuok, zuzeneko salmentan eta bitartekaririk gabe.

Errezil Sagarraren Astea

Ekoizpenean ezezik, Errezil sagarraren zabalpenean ere jarduten dute azokako emakume baserritarrek. Izan ere, abenduko lehen igandean, urtero, Errezil sagarraren azoka eguna antolatzen dute. Azken urteetan, Errezil Sagarraren Elkartearekin batera aste osora zabaldu dute egitaraua: hitzaldiak, dastaketak, pintxo potea eta azoka izan zituzten iaz, esaterako.

Sentsibilizazio eta hedapenari begira, eraldaketa gunean bisitak eta ikastaro txikiak  ere egiten dituztela azaltzen du Irulegik. “Ekoizpenekin gure soldatatxoa etxera eramateaz gain, Errezil sagarra zer den, zertarako balio duen eta zein garrantzitsua den jendeari erakusten saiatzen gara”, dio. Barrez eta erdi broman gehitu du: “Ia hogeita hamar urteren ondoren elkarrekin lanean jarraitzea izanen da zerbait ongi egin izanaren seinale, ezta?”.