Inkesten arabera Jair Bolsonaro izango da Brasilgo presidente berria, sorpresa handia litzateke Fernando Haddad PTko hautagaiak aurre hartzea. Bolsonaro kasu berezia da, eskuin mutur klasikoaren irudi, diskurtso eta oinarri sozialekin hobeto lotzen da Mendebaldeko eskuin populistako beste kasu batzuekin alderatuta, baina ez du desafiatzen sistemaren ezein sektorerik, bera da sistemikoetan sistemikoena. 1988tik da kargu politikoa, zazpi legegintzaldi daramatza Brasilgo Diputatuen Ganberan, bederatzi alderditan militatu du, hiru seme ditu politikan sartuta eta diktaduraren ondarea eta eskuineko ohiko programa (neoliberalismo basatia eta segurtasun autoritarioa) defendatzen ditu. Horrez gain, emakumeen eta gutxiengoen aurkako adierazpen ugari egin ditu.
Bolsonaroren arrakasta ezin da ulertu Brasilen gertatutako estatu kolpe biguna kontuan hartu gabe. Lehenengo, zirko mediatikoa eta politikoa direla medio, Dilma Rouseff kargugabetu zuten. Ondoren AEBetan trebatutako epaile batek Lula Da Silva kartzelaratu zuen, Lula erruduna zela esanez, nahiz eta frogarik ez izan. Michel Temer-en politika neoliberalen bitartez, oligarkia ekonomikoak Brasilgo Gobernuaren gaineko kontrola berreskuratu zuen. Herriak, ordea, Lula boterera bueltatzea nahi zuen. Baina, inkestek erakusten zuten Lulari botoa emateko prest zegoen hautesleriaren parte batek bigarren hautu bezala Bolsonaro zuela eta azkenean, horrela gertatu da.
Bolsonaroren arrakasta ezin da ulertu Brasilen gertatutako estatu kolpe biguna kontuan hartu gabe. Lehenengo zirko mediatiko eta politiko batekin Dilma Rouseff kargugabetu zuten, ondoren AEBetan trebatutako epaile batek Lula Da Silva kartzelaratu zuen, Lula erruduna zela esanez, nahiz eta frogarik ez izan
Brasilgo oligarkiaren B planak funtzionatzeko hiru faktore izan dira erabakigarriak: a) herritarren nahigabe politikoa eta sozioekonomikoa (ustelkeria, krisi ekonomikoa eta indarkeria/delinkuentzia); b) Bolsonarok zenbait sektoreri entzun nahi zutena esatea zuzentasun politikoa hautsiz; eta c) aurkariaren ahultasunak ondo jakin izan ditu ustiatzen (lidergo falta Lularen kartzelaratzeagatik, ezkerraren hauteskunde kanpaina kaskarra eta PTren estigmatizazio mediatikoa ustelkeriagatik).
Datafolha enpresak urriaren 10ean eginiko inkestaren arabera, Bolsonarok ipar-ekialdeko eskualde pobrean izan ezik, gainontzeko eskualdeetan erraz irabazten du, bereziki hegoaldeko eskualde aberats eta garatuenetan. Hain zuzen ere, 2015-2016 urteetan PTko gobernuaren kontra mobilizatu ziren hiri aberats eta ustezko progresistetan. Lehenengo, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta jende aurrerakoia datoz eta ondoren, Bolsonaro nagusitzen da.
Eskuin muturreko liderra adin tarte guztietan, zurien (%59), horien (%52), mulatoen (%47), indigenen (%41), gizonen (%57), emakumeen (%42), katolikoen (%46) eta ebanjelisten (%60) artean izango litzateke irabazlea. Beltzen artean berriz, PTko hautagaia da nagusi %45arekin, baita ere gehienez bi soldata minimo irabazten dituzten herritarren artean (%44ak) eta oinarrizko hezkuntza maila duten hautesleen artean (%44ak). Bi eta bosten arteko soldata minimoa irabazten dutenen artean garaipen erraza lortzen du eskuin muturreko hautagaiak, %58a %30aren aurrean; bost eta hamarren arteko soldata irabazten dutenen artean, %62 eta %28 da harremana, eta azkenik, hamarretik gorako soldata irabazten dutenen artean %62 eta %30. Antzera, hezkuntza maila ertaina dutenen artean: %53k Bolsonaroren alde egiten du eta hezkuntza maila altua dutenen artean %58k.
Eskuin muturreko hautagaiak bere oinarri soziala diren klase ertain eta altua ondo lotu ditu, bien bitartean klase apalenen artean gehiengoa lortzen ez badu ere lehia estua du hautagai ezkertiarrarekin. Pobreek egunero bizi duten indarkeria jarri du eztabaiden erdigunean boto hori erakartzeko. PTk berriz, lehen itzulian ez du asmatu klase apalenen ardura materialak erdigunean jartzen. Bigarren itzulian Bolsonaroren boto emaileenganako irainak protagonismoa galdu eta diskurtso sozioekonomikoak irabazi du pisua ezkerreko hautagaiaren kanpainan. Berandu izango ote da?