Londres, 1915. Charles Myers (1873-1946) psikologo ingelesek “shell shock” (jaurtigaiek eragindako shocka) terminoa erabili zuen lehenengoz The Lancet medikuntza aldizkarian, Lehen Mundu Gerrako fronteetan borrokan ari ziren soldadu askori gertatzen ari zitzaiena deskribatzeko.
Inolako zauri fisikorik gabe, ageriko arrazoirik gabe, askotariko sintomak zituzten: amnesia, dardarak, amesgaiztoak, ikusmena eta hitz egiteko ahalmena galtzea… Psikologoak gatazka hartan lehenengoz erabili zen munizio eta artilleria astun neurrigabeari egotzi zion gaitz berria eta horregatik jarri zion izen hori. Beste batzuek gerrako neurosia esango zioten, eta gaur egun, trauma osteko estresaren nahasmendua (TOEN) du izena.
Azalpen nabarmen eta egiaztagarririk gabe, arduradun militar askorentzat koldarkeria zen; hala, dozenaka soldadu heriotzara kondenatu zituzten. Ahalegin batzuk ere egin ziren sintoma horiek modu eraginkorragoan arintzeko –eta frontean soldadu kopuruari eusteko–, gaixoei egun batzuetako atsedena emanez, baina 1917an Armada Britainiarrak guztiz debekatu zuen diagnosia, eta armadaz kanpoko medikuntza dokumentuetan ere zentsuratu egin zuten. Arerioentzat ere tabua zen gaitz hura. Zurrumurruak dio Adolf Hitler bera, Lehen Mundu Gerran soldadu zela, aldi baterako itsu geratu zela, baina gero kontu handiz ezabatu zituela froga guztiak.
Dena den, gerrak eragindako TOEN ez zen berria. Herodotok (K.a. 484-425) Maratongo Guduaren (K.a. 490) berri xehe jaso zuen, eta hala zioen pasarte batean: “Borrokaldi hartan mirari arraroa gertatu zen: borroka betean, Epizelo atenastarra, Kufagorasen semea, soldadu prestua, bat-batean itsutu zen, gorputz osoan gertuko kolperik nahiz urruneko gezirik jaso gabe; eta orduz geroztik itsu geratu zen bizialdi osorako”.
Eta 2015ean, Jamie Hacker Hughes eta Walid Abdul-Hamid ikerlariek TOENen aztarna zaharragoak topatu zituzten, Duela 3.300 urteko zenbait testu asiriar aztertuta. Testuok deskribatzen dituzte borrokan aritutako soldaduek izan ohi zituzten nerbio atakeak, gorputz adarretako dardarak eta, batez ere, amesgaiztoak. Haientzat ametsen mundua eta hildakoena estuki lotuta zeuden. Lo zeudela hildakoekin zeukaten harremana fisikoa zen, gainera. Esaterako, gaixotasun asko hildakoek ametsetan kutsatutakoak zirela uste zuten. Hala, gauetan, hildako kide nahiz etsaiekin zeukaten harreman zuzen horrek eragin bortitza zeukan gudariengan. Asiriarren sistema militar ziklikoak behintzat lagunduko zien gaitza arintzen; urtebetez jardun militarretan aritu ondoren, beste urtebetez obra publikoetan egiten zuten lan.
Horrenbestez, ondorioztatu daiteke gerrak eragindako trauma osteko estresaren nahasmendua gerra bera bezain zaharra dela. Eta Antzinaroan gaitza sentsibilitate eta ulermen handiagoz tratatzen zutela XX. mendearen hasieran baino.