argia.eus
INPRIMATU
Basazaldiez
Castillo Suárez @casti_suarez 2018ko urriaren 24a

Animaliak dira kaltetuenak suteetan. Arnasarik gabe geratu eta hil egiten dira eta ihes egitea lortzen duten asko autoek hitzen dituzte. Behin zaldi bat kolpatu nuen, sute batetik ihes zoroan atera zena. Hil egin zen bertan. Errepide bazterrean geratu nintzen, zauriak laztanduz, jabea etorri zen arte. Basazaldia zen. Nik ez nuen inor zain eta kamioi txiki batean eraman zuten arte geratu nintzen errepide bazterrean. Ez zen surik sumatzen geunden tokitik, baina animalia izua errepideraino iritsi zen heriotza eta denbora elkartzen diren tokian. Su eman zioten basazaldiari. Eta ederra bezain mingarria iruditu zitzaidan sutetik ihesi hil zen animalia erre behar izatea gaitzik ez barreiatzeko. Tarteka amets egiten dut heriotzarekin. Tarteka amets egiten dut zure heriotzarekin. Eta basazaldiari nola, laztantzen dizkizudala zauriak beranduegi bada ere. Absentzia nola bete erakutsiko didan norbait ezagutu dudala esan nahi nizuke. Itsaso bazterrerantz eramango nauena elurrak estalitako auto batean. Basazaldi batek trostan zeharkatzen ditu nire ametsak.