Dendak itxi aurretik mandatua egitea izan da hirian bakarrik ibiltzeko aitzakia. Erraz onartu diote etxean, mandatua egitetik bueltan, tabernaren batean gelditzea besapean daraman Julio Ramón Rybeiroren liburuari tarte bat eskaintzeko. Euri pixka bat ari badu ere, kontent doa E. bere bakardadetxo bilatuan.
Egin beharreko erosketa eginda, momentuaren pribilegioaz jakitun, ongi aukeratu nahi du pausa-lekua. Duela zenbait urte sartu gabeko ostatuan sartu da, lasaia eta argitsua delakoan. Barrara hurbildu orduko solasean hasi da bistaz ezagutzen duen jabearekin. Hogeita lau urte joan dira negozioa irekirik, eta, nahiz tabernak lehengo itxura orokorrari eusten dion, hiru aldaketa egin omen dituzte azken urteotan: paretako kolorea aldatu (hori argitik berde argira), billarrean egiteko atzealdeko lekua itxi (norbaitek jokatu nahi badu, aski du eskatzea) eta pantailak jarri (telebista bakarra lehen; lau pantaila orain).
Agudo egin du E.-k aldaketen gaineko ebaluazio mentala: kolorearena izan da gehien gustatu zaion erabakia; billarraren txokoak aspaldixko itxia dirudi; eta lau zozogailuak Rayo Vallecano–Leganés ematen ari dira.