Arrasateko RIP taldeak ezin hobeto gorpuztu zuen 80ko hamarkadako Euskal Herriko punka. Taldeak idatzitako hitzek garai soziopolitiko hura modu gordinenean deskribatu zuten eta musika ere gogorra eta zuzena zen. Hori zen hain justu garai hartako gazte askok bizi eta sentitzen zutena. Diskografia laburra du laukoteak, baina erabat irmoa eta sinesgarria. Horregatik, askoren gogoan dago eta bere emaitzak bizirik dirau belaunaldiz belaunaldi.
Taldekideen izaeragatik, baina, berandu kaleratu zituzten diskoak eta, aukera izan arren, ez zuten inoiz taldea ezagutzera emateko inongo pausorik eman. Beraien izaera umil, kaletar eta punkyari eutsi zioten beti. Seguruenik, horregatik, ez zen orain arte, Eskorbuto eta Cicatriz taldeek ez bezala, taldearen historiari buruzko idatzizko lanik existitzen. Bakarrik orain dela hamahiru bat urte taldeari gorazarre egiteko Goiena-k eta Gaztelupeko Hotsak-ek argitaratutako RIP, Punkaren 25 urteko historia bizia DVD-CD dokumentala.
Oraingoan, bada, Silencio Toxico fanzinea egiten duten Lleidako Judit Uriach eta Nando Alonsok Larga vida a RIP fanzine-liburu osatua egin dute RIP taldeko Txerraren eta Arrasateko beste hainbat pertsonaren laguntzarekin. 376 orrialde ditu eta oso landua dago. Arrasateko, Euskal Herriko, Kataluniako eta Aragoiko dozenaka pertsona elkarrizketatu dituzte eta, horien lekukotasunek lagunduta, arrasatearren ibilbide osoa errepasatu dute. Euskal Herritik kanpo ere harrera itzela izaten ari den lan horretan RIPen sorreraren testuingurua ulertarazten saiatu dira, eta taldearen ibileraz eta taldekideen izaeraz jabetzeko erreferentziazko lana da.
Liburu-fanzine kontzeptua ulertzeko azaldu beharra dago egileek uneoro oso presente izan dutela RIPen izaera eta esentzia; hala, argitalpenaren sorkuntza kolektiboa izan da, maketazioa fanzine kutsukoa eta salmenta eta banaketa modua ere alternatiboak.
Liburuak, gainera, CD-bilduma bat dakar opari. Hala, Silencio Toxico fanzinetik hurbil dauden Kataluniako eta Madrilgo hainbat talde eta Euskal Herrikoak –Arrasatekoak nagusiki– gonbidatu dituzte RIPen kantak interpretatzera, 27 guztira. Are gehiago, horien artean nabarmentzekoa da RIPek inoiz argitaratu ez zituzten bi kanta (El violador eta El pastor) ere berreskuratu izana.