argia.eus
INPRIMATU
Gentiana proiektua
Ingurumenari lotuta Pirinioetan lan eta bizi
Garazi Zabaleta 2018ko urriaren 22a

Pirinioetan ohikoa den landare berezia da gentiana, euskaraz gentziana edo errosta. Abiatu zuen proiektuari izen hori jarri zion Silvia Erlanz Roda biologoak: “Ingurumenaren kudeaketan eta heziketan jarduteari ekin nion”. Azken aldian ingurumenaren kudeaketan zentratu da batez ere Erlanzen lana. Pirinioetako espezieen jarraipenak, flora eta faunaren inbentarioak edota mendi-bideen inguruko lanketak egiten dituzte Gentianan, besteak beste. “Aquila LIFE proiektu europarra ere badaukagu esku artean, Bonelli arranoaren kontserbazio proiektua da”. Azken urteetan Erronkariko hartz arrearen inguruan ere egin dute lan, artaldeak erasotzen dituen inguruetan zaintza lanak eginez.

Gentiana proiektua 2013 inguruan sortu zuen eta Erlanz da enpresako kide bakarra. Azken aldian, ordea, Janet Torrea eta Itziar Almarcegui biologoekin elkarlanean dabil. Aberasgarria dela dio.

Ingurumen heziketa eta ezti ekoizpena

Gaur egun kudeaketari lotutako lanak gehiago izan arren, ingurumen heziketaren alorra ez du alde batera utzi nahi izan Gentianak. Inguruko faunaren eta floraren interpretazio tailerrak antolatzen dituzte, esaterako, eta baita landareen ingurukoak ere. “Sendabelarrei buruzko tailerrak egiten ditugu haien erabilera ikasteko, hegaztien eta gainerako animalien behaketak antolatzen ditugu…”. Egun martxan dute Salazar ibaiaren eta almadien inguruko tailerra. Herritarrengandik erantzun oso ona jasotzen dutela dio.

Eztia ekoizten ere badabil Erlanz: “Ez da ekoizpen oso handia, baina eztia, propoleoa eta xaboi eta ezpainetako baltsamoak egiten ditut”, dio. Eskaera egon badagoela eta, aurrera begira produktuok lantzeko gunea martxan jartzea du buruan. Proiektu txiki ezberdinek osatzen dute Gentiana, baina badute guztiek zerbait amankomunean: Pirinioetan kokatzea, eta ingurumenarekin lotura izatea. Proiektua martxan jartzean Erlanzek bilatzen zuena, hain zuzen.