Apirilaz geroztik astero elkartzen dira Larrunkoop proiektuko kideak Urruñako Posta gelan. Zertarako? Tokiko ekoizpenak eta produktu ekologikoak salgai egonen diren kontsumitzaileen kooperatiba sortzeko. Proiektuaren oinarriak zehazten aritu dira azken hilabeteetan, eta urriaren 12an eginen dute egitasmoaren aurkezpena. Hortik aurrera, martxan jarri nahi duten denda irekitzeko jendea biltzea espero dute.
Inguruan dituzten antzeko proiektuak eredu hartuta –Labore edo Otsokoop, esaterako– beren bideari ekitea erabaki zuten Urruñako hainbat lagunek. “Beharra badago beste modu batez kontsumitzeko, egun daukagun aukera ez zaigulako gustatzen eta beste zerbaiten bila gabiltza. Bestela ez lirateke hainbeste proiektu martxan jarriko alde guztietan”, zioen Adélaïde Daraspe Larrunkoop proiektuko kideak Antxeta Irratian egindako elkarrizketan. Urruñan herriko epizeria salgai zegoela jakin zutenean hasi ziren hainbat lagun biltzen, jendearengana zabaldu eta proiektua sortzeko. “Gure epizerian ez da soilik jatekoa egonen, egunerokoan behar dugun guztia egonen da”, azaldu zuen Arturo Villanueva kideak. Eskainiko dituzten produktu horien artean, ahalik eta gehien tokikoa eta biologikoa izatea da euren printzipioa. “Nahi dugu ongi jan prezio justuetan, bai guretzako, bai ekoizleentzako, bai ingurumenarentzat. Ez bizitzarekin negozioa egitea”.
Urriaren 12an eginen dute egitasmoaren aurkezpena Urruñako Itsasmendi Zineman. Kooperatibako kide izateko 100 euroko ekarpena eta hilero hiru ordu lan komunitario eskaini beharko dira. Dendak noiz irekiko dituen ateak? Urte berrira begira daude, baina bultzatzaileek diotenez, “dena ditugun esku eta burmuin kopuruen arabera izanen da”.