argia.eus
INPRIMATU
Urratsez urrats egiten da bidea
Amaia Alvarez Uria 2018ko urriaren 10a
"Bihotzean daramagun mundua". Maite Darceles. Alberdania, 2018

Badago zientzia-fikziorik (Zi-Fi) euskaraz? Zi-fia idazten duen emakumerik? Zi-fi feministarik gure liburuen artean?

Duela bi asteburu Bilbon AnsibleFest izan zen: I. Zientzia-fikzio Feministari buruzko jardunaldiak. Lehen mahai-ingurua Arrate Hidalgok dinamizatu zuen: “Euskal emakume idazleak zi-fian: irakurketa berezia”. Mayi Pelotekin hasi ziren, Itxaro Bordaren zenbait narrazio aipatu zituen eta lerrootan iruzkinduko dugun Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua-rekin amaitu. Ondoren Ana I. Morales eta Josune Muñozek Eider Rodriguezen Nahiago nuke gezurrik ez esan ipuinaren irakurketa dramatizatua egin zuten.   

Normalizatu gabeko gure hizkuntza eta literaturan hutsune nabarmenak daude oraindik, haien artean zenbait genero literario ustez txiki eta ustez balio gutxikoen lanketa. Beraz, betikoa gertatzen da oraingoan ere; zi-fia idazten duten (emakume)ak gutxi dira, eta horregatik eskertzekoa da Darcelesen ekarpena.

Zi-fia oso baliagarria izaten da jendarteari begiratzeko, garaiko beldurrak exorzizatzeko eta gustatzen ez zaiguna salatzeko, hortaz ez da harritzekoa Darcelesek bihotzean daraman munduaren aldarria egitea, mundu hobea eraikitzeko deia eginez eta egungoa kritikatuz eta etorkizun hurbila irudikatuz.

Botere harremanez eta eskubide urraketez kontziente garenean mundua aldatzeko nahia piztu ahal zaigu. Horixe topa dezakegu egile honen aurreko liburu ez-fikziozkoan: Eraldaketarako gidalerroak (2009). Lan mundua demokratikoago eta parte-hartzaileago bihurtzeko asmoarekin idatzitakoa eta komentagai dugun lanaren oinarria dena.

Lorea gazte idealista da protagonista. Kuriositate handia du eta bere tesirako iraganean arakatzen ari dela historiatik ezabatutako iraultza baten berri izango du. Bere munduaren ajeak ezagutzen joango da: teknologia bidezko kontrola eta zigorra, makinen agintea eta informazioaren manipulazioa, aisialdiaren funtzio erregulatzaile eta uniformatzailea.

Nobela betzak hilketak tarteko kritika soziala egiten duen moduan, zientzia-fikzioak etorkizunetik egin ahal du. Lan honetako zutabeak eta xedeak ageriegi dauden arren, gomendagarria iruditzen zaigu gazteen artean kontzientzia piztu eta gogoeta eragiteko. Eta, agian, etorkizun posible desberdinak irudikatzeko akuilu izateko ere.