Pili beti presaka dabil, erloju txiki bat du, tik tak tik tak, belarrien atzera etengabe itzultzen den euliaren modura ari da eta eskuez uxatzen ditu. Beti dago lanpetuta, zerbait erabilgarria egiten. Pilik ez du denbora galtzen. Jakin badaki bestelakoak galtzen dituela, ezertarako balio ez omen duten plazerak, musika entzun edo artearekin liluratu edo aspertzearen magia dastatu. Baina ezin du ekidin, beti betetzen zaio eguna.
Milik, ahal duen guztietan, berandu altxatu eta patxadaz gosaltzen du. Kostatzen zaio martxan jartzea, eta askotan lagunei deitzen die azken momentuan mendira ez doala eta ondo pasa dezatela esateko. Nagia ematen dio, edo buruko min apur bat du. Ez dauka pasio handiko hobbyrik. Egurgintza ikastaroa, euskaltegia, gimnasioa... hasi eta gutxira utzi ohi ditu. Etxean lagunekin eskulantxoak egitea gustatzen zaio. Batzuetan iruditzen zaio hilabeteak eman dituela ezer gutxi esanguratsurik egin gabe. Baina ezin du ekidin, beti pasatzen zaio eguna.
Udazkenarekin iristen zaigu ikasturte berria, eta harekin batera, berriz ere, asmo onak. Pilik bizitza lasaiago hartu nahi du, gutxiago estresatu. Milik zin egin dio bere buruari aktiboagoa izango dela. Agian, abendurako betiko moduan ibiliko dira berriz, Pili arnasestuka eta Mili sofak janda. Edo, agian, aurten ez.