Indarberritua ateratzen zara horrelako esperientzietatik. Guztiz. Zubietan (Gipuzkoa) bildutako 400dik gora lagunek ez dugu erraz ahaztuko asteburu eguzkitsu horren trebakuntza. Lurralde Askearen lagunek prestatutako agendak maisuki bildu ditu herri mugimenduen kolore anitzak, tamaina guztiak eta nortasun politiko osagarriak. Dudarik gabe, gure buruek eta gure bihotzek lurrikaratxo zirraragarri bat sentitu dute joan den aste-bukaeran eta emaitzak ikusiko dira. Hurrengo hiru kontzeptuen arteko harremana azalduz, bertan gertatutakoaren nire aburua eman nahi dizuet.
Pertsonak. Abiapuntua eta helmuga garela baieztatu da Zubietan. Erdigunean beti egon behar den elementua. Gatazken dinamika konplexuen gainetik eta helburu askatzaile, berdintzaile eta iraultzaileen azpitik, norbanakoak gara bizitza ona, “bizitzea merezi duen bizitza” horren protagonistak. Gu gabe ez dago komunitate ezta kolektibitaterik. Norbanakoak gara aldaketa guztien motorrak eta hartzaileak. Humanismo berria dugu iparra.
Gatazkak ez dira jomuga, tresnak baizik, gure indarrak neurtzeko eta gure mugak ezagutzeko
Gatazkak. Asko dira Euskal Herrian martxan diren herri taldeen kanpainak eta gatazka sozio-politikoak. Lin Yutang idazle kristau-txinarrak esan omen zuen: “Gatazkak beti existitzen dira. Ez saiatu horiek saihesten baizik eta ulertzen”. Gatazkak ez dira jomuga, tresnak baizik, gure indarrak neurtzeko eta gure mugak ezagutzeko. Feminismoak ongi erakutsi digu beldurrak eta zaurgarritasunak ezinbestekoak direla, ezin ditugula ukatu eta presente edukiz gero gure borrokak sendatuko direla. Gatazka prozesu guztietatik ikas daiteke, irabaziz zein galduz.
Utopia. Azken urteotako aldaketa berriek nahastu egiten gaituzte. Gure arerioen hegemonia nabarmena da eta ez dakigu kapitalismotik harago zer etorriko ote den. Gure praktika intersekzional eta multikoloreak, teoria “hibrido” baten beharra du, kontraesan sozio-ekonomiko materialek eta naturaren mugek, zapalketa sexual eta arrazistek zein erabakitzeko eskubide politikoak, corpus teoriko berri baten beharra dute, trantsiziorako bidean ardatzak edo itsasargiak bidean izateko. Nik horri ekofeminismo sozialista deitzen diot. Idatzi gabe, baina idaztekotan dagoen ideologia utopiko berria. Bai, utopiko diot, ez mitologikoa edo metafisikoa. Pruden Gartziak zioenez: “Utopiak begiratu, aztertu, baloratu, zatikatu, elkarrizketatu, negoziatu, konpartitu egiten dira, azken batean lortu egin baitaitezke”.
Igande arratsaldean helikopteroak eta Ertzaintza Zubietako gotorleku toxikoaren eraikuntza defendatzera etorri zirenean, aurreko bi egun eta erditan hitz egindakoaren zailtasun praktikoak gogora ekarri zizkigun. Boterearen irudi plastiko bortitza eta zurrunba ikaragarria bidali zizkigun gure utopiak ezabatzeko intentzioaz. Periko Solabarria borrokalari nekaezinaren leloa etorri zitzaidan burura: “Ez badigute amesten uzten, ez diegu lo egiten lagako”.