1968ko urriaren 2an, neurri demokratikoak eskatzen zituen ikasle mugimenduak deituta, jendetza bildu zen Mexiko Hiriko Hiru Kulturen plazan. Frankotiratzaile talde paramilitar batek 500dik gora pertsona atxilotu eta dozenaka hil zituen. Hamar egun geroago hasi ziren Olinpiar Jokoak.
Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2an. Neurri demokratikoak eskatzen zituen ikasle mugimenduak deituta, jendetza bildu zen Hiru Kulturen plazan. Hamar egun geroago Joko Olinpikoak hasiko ziren hirian bertan eta uztailean piztutako mugimenduak kirol ekitaldia baliatu nahi zuen gobernuaren abusuen berri mundu osoan zabaltzeko. Hauxe zen haien kontsignetako bat: “Ez dugu joko olinpikorik nahi, iraultza nahi dugu”. Gobernuak, aldiz, mundu guztia Mexikora begira egongo zela jakinik, Jokoen distira zikin zezakeen edozein orban garbitzea zuen helburu. Eta arratsalde horretan bertan ekin zioten horri.
18:10ak aldera armada eta Olinpia Batailoia izeneko frankotiratzaile talde paramilitarra tiroka hasi ziren plazan bildutako milaka manifestarien aurka. 500dik gora pertsona atxilotu zituzten eta hil, dozenaka eta dozenaka.
Biharamunean, Mexikoko hainbat egunkarik manifestariak “terroristatzat” jo zituzten eta Mexikoren “irudia zikintzeko eta jokoak zapuzteko” ahalegina leporatu zieten. Errepublikako Lehendakaritzak adierazi zuen “operazioari esker arazoa eragin zuen asaldura itzali” zutela eta Joko Olinpikoetan “lasaitasuna bermatuta” zegoela.
Horrenbestez, urriaren 12an jokoak inauguratu zituzten, Gustavo Díaz Ordaz presidentea buru zuen ekitaldian, eta Bakearen Joko Olinpikoak izendatu zituzten, lotsagorritu gabe.
Urriaren 27an amaitu ziren jokoak. 112 herrialdetako 5.516 atletek parte hartu zuten (4.735 gizonezkok eta 781 emakumek) 20 kiroleko 172 probatan. Jokoen zenbakirik nabarmenenak Bob Beamonen jauziaren 8,90 metroak izan ziren ziurrenik; luzera jauziko munduko errekor hura 22 urte eta 10 hilabetez egon zen indarrean. Baina irudi nagusiena Tommie Smith eta John Carlosena izan zen; 200 metrotako urrezko eta brontzezko dominak jaso zituzten korrikalariek, hurrenez hurren. Dominak jasotzeko ekitaldian, eskularru beltza jantzita eta ukabila jasota, black power keinua egin zuten. Argazki horrek Smithen marka ahaztarazi bazuen ere, zenbakiak hor daude: 19,83 segundoko denborari esker, berak zeukan munduko marka hautsi zuen berriro eta errekorra Pietro Menneak kenduko zion 11 urte geroago.
Urriaren 2ko sarraskian hildakoen zenbakia, ordea, ez dago jakiterik. Gobernuaren bertsio ofizialak esan zuen 20 izan zirela. Hiru urte geroago, hildako baten amak esan zuen semearen gorpua topatu zuen tokian soilik 65 gorpu baino gehiago zeudela. Ikerketa batek dio 250 inguru izan zirela, beste batek 325... Kalkulu handienaren arabera, 1.500 pertsona inguru hil zituzten.