argia.eus
INPRIMATU
Mendebaldetik datorrenari aurre
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2018ko irailaren 26a
"Thousand tons of steel". WHAT A BAND. Autoekoizpena, 2018

Ez da batere ohikoa musika talde bati halako izena jartzea (A ze taldea!), baina, jakina, taldekideak Bergarakoak dira, eskarmentu handikoak eta lotsabako samarrak: punk-rocka lantzen ibiliak dira Brigada Criminal taldean, bluesa Belceblues-ekin, bidelapurren folka Bizardunak-en, kostaldeko taberna-zulotako baladak Fiachras-ekin eta, despistatzeko edo, doinu helduagoak Mahaster River proiektuan.

Orain dela hiru bat urte, baina, country-rocka lantzea bururatu zitzaien eta mendebaldera jo zuten gogoz eta arimaz. Hala, urtebetera, esentzia hori arrantzatuta Soft and strong disko luzea argitaratu zuten. Gerora, baina, zuzenekoetan erakutsi zuten country-rocketik harago sustraietako rock amerikarra egiten ere iaioak zirela; eta egiten zuten horretan sinesgarritasuna transmititzen dutela. Horretan zeresana dauka, besteak beste, Txus Martinez abeslariaren ingeles ahoskera borobilak.  

Orain, Thousand tons of steel lan berriarekin datoz, eta egin duten jauzia nabarmena da. Lan dotorea, oso garbia eta landua da, eta country-rocka eta rock amerikarra ardatz badira ere, bestelako erregistroetan ere eroso murgiltzen dira; hala, publiko anitza harrapatzeko moduko lana da. Fredi Pelaezekin grabatu dute Pottoko estudioan eta emaitza distiratsua da.

La bestia erabat melodikoa da, country-rockean murgiltzen gaituen ahots bero eta gertukoa aurkeztuz. Better than ever hit!a da zalantzarik gabe: bizi-bizia, oso itsaskorra, eta gitarra punteo ederrak dituena. Part time singer-ek erritmoa eten egiten du Willy DeVillen kadentzian harropuzkeria eta cha-cha-cha hurbilduz. Neon valley eta Forever gone country klasikoaren patroitik moztuta daude, dantzagarri eta egiazko. Boats of shame epikoagoa da, irlandar kutsuarekin, baina 60ko hamarkadako rockaren printzak ere baditu. Mistery tales folk amerikar benetazkoa da. Cannon king surf-rockaren eta erritmo nabarmeneko rock jostaria. On the road you’ll find, Deafening lights eta The dusk sentimendu handiz interpretatutako baladak dira. Eta, azkenik, Revenge hillbillya indioen oihanean murgildu eta amiltzen den pieza iluna, sasikoa.