Thrash metala da Herabe taldearen oinarria, taldekideek dioten bezala, eta argi eta garbi erakusten dute hori beren lehen diskoan. Soinu basatia eta trinkoa gauzatu dute, bi gitarrarekin, erritmo biziekin, eta ahots indartsu eta urratu batekin. Leloak, koruak, moldaketak eta gainerako xehetasunak arretaz landu dituzte, eta lan ona egin dute. Horretarako, Brigi musikariaren (Koma, El Drogas) laguntza estimagarria izan dute, hura arduratu baita masterizazioaz. Grabazioa Tartalo Records beren estudioan egin dute.
Iruñerrikoa da Herabe taldea. Beste hainbat taldetan aritu ondoren, Dani (ahotsa), Unai (bateria), Izko (baxua), Christo (gitarra) eta Gari (gitarra) elkarrekin jotzen hasi ziren, eta 2013an egin zuten lehen kontzertua Atarrabian. Besteak beste, Lamb Of God, Koma, Soziedad Alkoholika eta Su Ta Gar taldeen eraginak antzematen dira beren kantetan, baina taldeak bere nortasuna dauka.
Batere txantxa eta txorakeriarik gabe jotzen dute, eta modu berean mintzo dira kantetan, gordin, bidegabekeriaren eta zapalkuntzaren aurka. Askatasuna lortzeko borroka egitea aldarrikatzen dute, azken batean.
Besteak beste, hauxe diote: “Hitzak bahituta daude, egia esaterik ez dago, aldarrika ditzagun gure eskubideak” (Herabe); “Herria nazkatu da, kriminalizatu egiten gaituzte, nora goaz hiltzaile hauekin? Kalea gurea da, entzungo gaituzte orain inoiz bezala” (Nora goaz?); “Bonbak gauean, heriotzaren oihartzuna Gazako herrietan” (Muhammad Al-Durrah); “Euskaldunak gara eta ez dugu ahaztuko gure nortasuna gure hizkuntza dela, euskara ikasiz eta euskara bultzatuz gaindi ditzakegu oztopo guztiak, hizkuntza bat ez da galtzen zure ahotsan badago” (Zure ahotsan badago); “Herri bat gara, heldu da unea gure bidea egiteko, gure herriak ez al du merezi aske izateko eskubidea?” (Aske izateko eskubidea).
Herabe taldea Iruñeko Nafarcore musika elkartean aritzen da. 2014an sortu zen elkarte hori, eta bere lana txalogarria da, kontzertuak antolatzeaz gain, bideoak egiten ditu, eta taldeei sustapena, diseinua eta beste zenbait zerbitzu eskaintzeko aritzen delako, auzolanean.