Maite ditut haratago eramaten ez zaituzten muxuak, muxuei, bere hutsean, baliorik ez baitiegu ematen gehienetan. Ez galdetu, hortaz, zer egiten nuen industrialde batean, desordutan, musika talde famatu eta on baten road managerrarekin. Baina muxu eman genion elkarri Guardia Zibila hurbildu zenean. Endavant paratzen zuen pegatinari begira egon nintzen, saihetsetik, begiak itxi gabe. Guardia zibilek bakean utzi zuten paperez eta gailuz betetako auto hura eta ni orduan handik atera nintzen eta nirerantz abiatu. Euria ari zuela ez nintzen ohartu ere egin. Maite ditut segidarik ez duten muxuak. Eta ez da koldarra naizelako, domestikotasuna eta aztura maite ez ditudalako baizik. Edo beharbada hori da neure buruari errepikatzen diodana estua izan nahi dudanean neure buruarekin. Ez galdetu, hortaz, zergatik maite ditudan hoteletako pasabideetako muxuak, txartela eskutan, kamerari ertz batetik begira inoren interesekoa ez dela jakinagatik. Maite ditut beharbada nor bere gelan egongo delako bost minutu geroago etxekoei deika. Izan ere, badago maitasuna baino askoz okerragoa den zerbait: biharamuna.