argia.eus
INPRIMATU
“Lurrak memoria atxikitzen du eta horren xerka joan behar duzu”
Mikel Asurmendi @masurmendi 0000ko ren 00a

Matalaz ez balitz zaldiz agertü eleberria bitxia da, bai edukiz bai formaz. Allande Etxartek historia arakatzeko paleografia ikasi du, baita ziria erabiltzen ikasi ere. Zer da paleografia?

Paleografia da antzinako idatzien deskribatzeko metodoa. Artxiboetan badira idazmolde zaharrak, gehienak idatziak dira. Notarioek, lege gizonek, idazkariek, badute beraien idazmolde berezia, denak eskuz idatziak dira, anitz kopiatuak ere bai, beraz, eleen laburbiltzeak, kontrakzioak erabiltzen dituzte, eta horiek behar dira ikasi. Bi urtez egin nuen Paueko artxiboetan formakuntza, eta orain talde bat biltzen gara hilabetean behin, entseguak eta ariketak egiten ditugu, kontrakzio horiek gogoz ikasi behar dira, zorrozki edo kasu handi emanez.

Ziria eskuetan ari zara. Liburuan hori ere ageri da. Xehelaria zara.

Herexak edo aztarnak xerkatzen dituena da herexalaria. Historialaria baino herexalaria naiz, beraz. Xehela makila txiki bat da, ziri berezia. Hurritza da ziri sentsiblena. Ziriaren edo xehelaren bitartez sentitzen da lurraren irradiazioa. Erradioestesista edo zahori gisakoa naiz, irratian aritua naizenez hori ere landu dut. Bilaketa berezia da. Konparazionera, ura xerkatzea oso zaila edo gogorra da. Urak bost edo zortzi metrotan barna daude.


Azaldu iezaguzu zure esperientzia.

2014an suertatu nintzen Ahüzkin, Sohütako gizon batekin, bere ziriarekin ari zizun. Elektrika eta gailu lodiak zituen. Nik banuen sentimen gisako bat lehendik, baina orduan nabaritu nuen sentsibilitate hori gehixeago, pertsona denek ez dute dohain hori. Lurrak memoria atxikitzen du eta horren xerka joan behar duzu, irradiazioak kausitu ahal dituzu. Hiru hilabetez aritu naiz, aztarnak atzeman ditut. Duela 2000 urte jendea muinoetan bizi zen, mendixketan, etxebizitzak han zituzten eta beherean, ehiz tokiak edota basoak zeuden. Geroago ikasi zuten zuhaitzak kentzen eta bizitokiak beherean eraikitzen, ordokietan.