argia.eus
INPRIMATU
Intentsitatea, tentsioa eta erresistentzia
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2018ko irailaren 04a

Elektrikari talde bat bildu eta zenbait tresna eta material eman ostean hauxe esan zieten: zirkuitu sinple bat osatzeko beharrezko material guztia daukazue aurrean. Hasi eta berehala konturatu ziren kablea motzegia zela eta ez zegoela zirkuitua itxi ahal izateko adina. Gehienek amore eman zuten, ziria

Bazirudien edozein atakatik ateratzeko konbentzimendua zutela eta Errepublikak aurrera egin zezan ere estrategia eta aukera ezberdinak aurreikusita izango zituztela. Ez da horrela izan, ordea. Espainiaren errepresioak 'stand by' utzi du kontua. Eta horrek irudikatzen duena da gaur-gaurkoz errepublikaren egikaritze materiala ezinezkoa dela. Independentismoarentzat ezin kaltegarriagoa

sartu zietela sinetsita. Gutxi batzuek baino ez zuten lortu zirkuitua burutzea, falta zen kablearen ordez bihurkinaren punta erabilita. Zergatik? “Ezin da” sinestetik, “nola egin dezaket” pentsatzera igaro zirelako, eta orduantxe hasi zirelako tresneriaren artean eroalea zen zerbaiten bila.

Bizitzan bezalaxe, politikan gauza askok ezinezkoak dirudite egiten diren arte. Urriaren 1eko Kataluniako erreferenduma horren lekuko. Zailtasun guztien gainetik egin, egin zen. Herritarrek bere esku eta gorputzen menpe zegoen guztia egin zuten boza ematea posible izan zedin. Ondoren, egun gorabeheratsuen ostean, mandatu demokratiko horri men egin eta urriaren 27an Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen Puigdemont presidenteak.  

Urtebete igaroko da laster orduko hartatik, eta data biek ala biek garrantzia politiko berezia izango dute. Esango nuke, bereziki, urriaren batekoak. Horren jakitun, arreta Kataluniatik aldentzeko eta oso lotsa gutxirekin, Pedro Sanchezek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batera ekitaldia antolatu du “ETAren bukaera” irudikatzeko. Ikusteko dago Kataluniatik zer antolatzen den eta nola janzten den urtemuga esanguraz.

Proces-a ezaugarritu duen zerbait egon bada, nire ustez, alboko pentsamendua izan da. Hasieran kontatutako elektrikarien alegoria erabiltzen da zer den azaltzeko. Alboko pentsamendua deritzona pentsatzeko era da, sormenarekin lotura handia duena. Txikitatik hezten gaituzte modu logiko eta arrazionalean pentsatzeko, eta, hartara, arazo baten aurrean soluzio bertsuak otutzen zaizkigu guztioi, aurrez ikusi eta ikasitakoaren arabera. Alboko pentsamendua, ordea, ohi ez diren bide alternatiboak baliatzean datza. Kataluniako ontzia portu honetara ekarri duena horixe izan da: unean uneko arazoei espero bako soluzio sortzaileak ematea.

Bazirudien edozein atakatik ateratzeko konbentzimendua zutela eta Errepublikak aurrera egin zezan ere estrategia eta aukera ezberdinak aurreikusita izango zituztela. Ez da horrela izan, ordea. Espainiaren errepresioak stand by utzi du kontua. Eta horrek irudikatzen duena da gaur-gaurkoz errepublikaren egikaritze materiala ezinezkoa dela. Independentismoarentzat ezin kaltegarriagoa.

Halaber, Estatuko aparatuetatik eta alderdi unionistetatik ahal den guztia egiten ari dira herria errepresioaren kontrako erantzunean kateatzeko. Talde ultraeskuindarren inpunitatea indarkeria xaxatzeko ahalegina baino ez da. Lazo horien aferari horrenbesteko oihartzuna ematea horren adierazle da. Eroso mugitzen dira eremu horretan. Horregatik funtsezkoa da aldarrikapenak eta ahaleginak errepublikara bideratzea. Hori da preso eta erbesteratuta daudenen alde lan egiteko modurik onena. Bestela errepublikarenak egin du.

Udazkenean intentsitatea berreskuratuko delakoan nago. Bistakoa da alderdi politikoak logika autonomistatik eta euren arteko botere lehiatik ateratzea oso zaila dela, baina primarioen jokaldiak mugiarazi ditzake. Posible dela sinesten jarraitzea da aurrera egiteko modu bakarra. Katalunian badago sinesten duen jendea. Orain euren unea da. Inperioari aurre egiteko anperio asko behar baitira. Zaharrak alde batera utzi gabe, elektrikari berriak behar ditu Kataluniak.