argia.eus
INPRIMATU
Ertzetatik kanpo
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2018ko irailaren 04a
Demak. DEKOT. Antichoke records, 2018

Indie deritzona tribu oso berezia da; jatorrizko izaera edo izana erabat galduta edo lanbrotuta duena. Hala, musikaren negozioak, diskoetxeek, banatzaileek eta kontsumitzaileek bizi izan dituzten eraldaketen ondorioz, gaitza da BBK Live eta halako jaialdien parte-hartzaileak independentetzat hartzea. Eta badira beste eszena askotan izaeraz eta jarreraz multzo honetakoak (oro har hartuta) baino izate askoz independenteagoa dutenak. Hala ere, ezinezkoa da indie deritzoten horiek guztiak multzo berean sartzea, ñabardura asko daude beraien artean.

Maruriko talde gazte honek ere tribu horretan ikusi izan du bere burua. Sorreran bi neskak eta bi mutilek osatzen zuten taldea, ingelesez abesten zuten eta –ezin da ukatu– Belakoren tempo eta kadentzia oso presente zuten. Halakoa da beraien estreinako Lurra/Haizea/Ura/Sua lana, teklatuz jositako malenkonia eta energia koktel bizia. Baina tartean Gaztearen Maketa lehiaketa irabazi eta hainbat aldaketa izan ditu taldeak.

Iaz In the ocean singlea kaleratu zuten, Manchesterreko traza handia daukana: pausatua, iluna eta minimalista, baina 70eko hamarkadako energia zantzu batzuk ere badituena. Eta aurten Demak disko luzea oso-osorik euskaraz eta hirukote formatuan –jada ez dago emakume ahotsik–, bestelako eskaintza erdituz.

Etiketak-ek edaten du noise-popetik, baxua nabarmendu egiten da eta riff interesgarria dauka; gainera dantzagarria ere bada. Antartida-k kutsu elektronikoagoa eta intimoagoa dauka, nahiz eta rock jantzia indarrez janzten duen. Amildegietan-ek badu zorrik Pixies-ekin eta rock melodikoagoa zein intentsoagoa uztartzen ditu. Etxea barnekoiagoa eta pausatuagoa da, baina jostaria. Aldentze agindua erritmo biziko pieza rockeroa da, ñabardura jostariak ere badituena. Entzulea-k emozioekin eta intentsitatearekin jokatzen du Kerobiaren pareko eztanda egin artean. Egonezin undergrounda zapalgailua da, indartsua eta bortitza. Gonbidatua dantzagarria da, zarata eta disco-a ezkontzen dituena. Arreba elektro-pop irudimentsua. Eta Talako neska pausatua eta gardena.

Badu, deko, Dekot-ek aurrera egiteko ausardia eta etiketa arraio horren ertzetan, baita rock indartsuan ere, sortzeko abilezia.