Gero eta gehiago dira euren kamisetan apustu etxeen logoa paratzen duten kirol taldeak, futbol klubak bereziki, baina ez soilik horiek (“Oxigenoa Bilbao Basketentzat: RetaBet-ek 10 urtez babestuko du kluba”, irakurri berri dugu egunkarietan). Gero eta normalagoa da kirol emanaldietan hedabideek tartekatzea apustu egitera gonbidatzen gaituzten iragarkiak. Gure herrietan ikusten badugu lokal bat obratan dagoela, litekeena da joko-areto berria irekitzea bertan. Horri gehitu behar zaio ia guztiok daramagula makina txanpon-jale potentzial bat poltsikoan, telefono mugikorretan kamuflatuta. Behin webgune batean erregistratu eta jokatzen hasita, oso litekeena da ihes egiteko zirrikiturik ez aurkitzea, pantailan jasoko dugun jakinarazpen zaparrada eta balizko sari ederrak medio. Erraza dirudi irabaztea… baina errazagoa da galtzea, bereziki gazteen (mutilen) artean handitzen ari den adikzioak erakusten duenez.
Kirol apustuen gorakadak kezkatuta, kontrako jarrera piztu da jendartean. Azpeitian, esaterako, Elkar-ekin taldeak deituta herritarrek elkarretaratzea egin zuten pasa den uztailean (argazkian), irekiko duten apustu etxearen aurrealdean, salatzeko, besteak beste, enpresa horiek “sekulako dirutza” egiten ari direla langileen auzoetan, bere behar ekonomikoak ase nahian jendeak apustura jotzen duelako. Gasteizen, Judimendiko gazte asanbladak Auzoan jokoz kanpo. Joko aretoen hainbat argipen txostena plazaratu du. Aretoetako kontrol neurriak (kamerak), tabernek baino ordutegi zabalagoa izatea, droga kontsumoaren eta istiluen igoera areto inguruetan eta horrek dakarren poliziaren presentzia (“kontrol sozial”) gero eta handiagoa, kale hezitzaileen beharra izan duten auzokideak makinetan aritzea… Hamaika adarri heldu diote.
Bestalde, Gamonalen (Gaztela eta Leon), herritar talde batek Udalari eskatu dio lizentziarik ez emateko jokoaren sektoreko enpresei, kirol ekitaldi eta espazioetatik haien publizitatea kentzeko, eta hedabideak ez erabiltzeko apustuak eta jokoa sustatzeko, besteren artean. Zentzu horretan, Italiako Gobernuak debekatu egingo ditu apustu etxeen iragarkiak 2019ko urtarriletik aurrera, baita enpresa horiek futbol taldeak babestea ere. Bada zer eztabaidatu.