argia.eus
INPRIMATU
Borroka da bidea
Itziar Bardaji Goikoetxea 2018ko abuztuaren 29a

Gutxitan –edo inoiz ez– bizi izan dut horrelakorik. Kapitalismoari aurkariak, erlazioak eraldatu nahi dituztenak, iraultza ezinezkotzat jotzen ez duen gutxiengoa, legez kanpoko dantzariak, garaipen txiki eta handi bat ospatzen. Une batzuk lehenago lo falta islatzen zuten aurpegietan, neke guztiak ahazturik, irribarre sakonak eta malko batzuk ere bai. Beren buruei tipo gogorraren irudia inposatzen dietenak ere besarkada hunkitu eta alaietan murgildurik. Ospakizuna auzokideekin batera. Iruñeko Maravillas Gaztetxearen garaipena, behin-behinekoa izan daiteken arren, garaipen.

Noski, Nafarroako Gobernuan batzuk ala besteak egoteak eragina izan du. Noski, indarrez, abuztuan eta epaiketa baino lehen eginiko desalojoak zauritu gutxiago utzi ditu aurretiko gobernuen formekin alderatuz.

Noski, aldaketaren indarrek ez dute instituziotik gaztetxe hau ez martxan jarri, ez babestu. Ezinezkoa baita. Borondateak borondate, ez da borondate kontua. Rozalejo Jauregia okupazio bidez bihurtu zen Gaztetxe: askegune. Eta eskuinak eraso, Maravillas Gaztetxearen defentsa kalean eman zen, bai kordoi polizialean, bai gaztetxe barruan. Hau gabe ezin da Gobernuaren atzera pausoa ulertu. Bake arraroaren denbora hauetan ere, borroka da bidea.