argia.eus
INPRIMATU
Aztarna artistikoak
Iratxe Retolaza 2018ko abuztuaren 29a
Zuloa. Xabier Gantzarain. Elkar, 2018.

Zuloa saiakeran, hogeita hiru obra artistikoren geografian barneraturik, Euskal Herriko arte garaikidearen ibilbide pertsonala osatu du Xabier Gantzarainek. Bada ibilbide historikoa ere, azken hogeita hamar urte luzeetako artearen ikuspegi soziokulturala osatu duelako, 1983. urtetik 2016. urtera arteko arte-lanen interpretazioak josirik. Zernahi gisaz, artearen historiaren konbentzioez beste egituratu du diskurtsoa: historia hurbila izan du ardatz, ez ditu obrak ordena kronologikoan aurkeztu, arte-lanak ez dira lotu kate logiko bakarrean, diziplina artistiko anitzen berri eman du (argazkigintza, instalazio eta interbentzio artistikoak, bideogintza, eskultura, performantzea, pintura eta abar). Arte-lanen artean izan badira oso lan ezagunak, imajinario kolektibora jauzi egin dutenak (esaterako, Jose Luis Zumetaren Gernika); eta izan badira hain ezagun ez direnak (adibidez, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruizen Katalepsis). Kanonaren ertzak ere lausotu ditu, beraz. Ugaritasun horri esker, Zuloa saiakerak arte garaikidearen argazki berria eskaintzen du.

Artearen dibulgazioan lan mugarria dugu, zalantzarik gabe, irakurleoi artearen esperientziak transmititzeko diskurtso-era berritzailea jorratu duelako, baita ahots pertsonal eta hurbila sortu ere. Hurbiltasun horri esker, eskutik hartuta darama irakurlea arte-lanen testuinguru artistiko, historiko eta soziopolitikoan barna. Arteak gizarte-kodeak azalerazteko, auzitan jartzeko edo berritzeko gaitasuna du, eta Gantzarainek arte-kodeak zein gizarte-kodeak harremanetan jartzen ditu. Arte-lanek sorturiko susmoak, ezinegonak eta galderak abiapuntu izanda, Euskal Herriko gatazka soziokultural edota soziopolitikoen inguruko zentzuetan eta sinbologian arakatzen du (euskalduntasunaren inguruko mitoak, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, kontsumo-gizartea, gatazka armatua –ETAren indarkeria, polizia-jazarpenak, torturak…–, globalizazioa eta abar). Hartara, nolabaiteko memoria artistikoa eratu du Zuloa-n, baina, ez du sortu memoria narratibo gotorrik, puskaka, jauzika eta printzaka osaturiko memoria baizik, gure memoria kolektiboaren zulo hori osatze aldera: arte-esperientzien lekukotzak.