argia.eus
INPRIMATU
Aire sigi-sagatsu liluragarriak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko abuztuaren 29a
Serpiente. S.E.R.P.I.E.N.T.E. Autoekoizpena, 2018

Suge baten mugimenduak bezala, S.E.R.P.I.E.N.T.E. taldearen kantuak sigi-sagatsu tankerakoak dira, sorgintzaileak, liluragarriak. Giro misteriotsu batzuetara eramaten gaituzte, trantze eta nahasmen gisako egoeretara, eta askotariko sentsazioak iradokitzen dituzte.

70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako post-punk eta dark-wave kutsuak dituzten aireak dira. Joy Division, Siouxie and the Banshees eta garai horietako beste zenbait taldek jotzen zituztenak gogorarazten dizkigute, baina S.E.R.P.I.E.N.T.E. taldeak bere nortasuna dauka, bere ukitua, kantuak sortzeko eta jotzeko bere modua.

Hain zuzen ere, euskal-wave/suge-synth gisa definitzen dute egiten duten musika, eta beren asmoa esperimentatzea dela diote. Estetika arreta handiarekin zaintzen dute, eta horren adibide garbia da Ar kantarekin egin duten bideoklipa.

Doinuak gordina dira, melodiak goibelak eta ilun samarrak, eta kantetan nabarmentzen dira sintetizadoreen soinuak, ahotsen jolasak, baxuaren sendotasuna,  eta bateriaren erritmo errepikakorrak –gehienetan– eta oso biziak –batzuetan–.

Ez da ohiko rock talde bat. Esaterako, gitarrarik ez dute erabiltzen, baina baxuak ederki asko betetzen ditu bi rolak, gitarrarena eta baxuarena.

S.E.R.P.I.E.N.T.E. taldean Ana, Beatriz eta Elena musikari bilbotarrak aritzen dira. Taldea 2015. urtean sortu zen, eta urteotan taldekideen artean hainbat aldaketa izan arren, taldeak bere izaerari eutsi dio. 2017aren amaierarako osatu dute beren lehen grabazioa, bost kanta biltzen dituen EP edo iraupen laburreko disko hau. Kantak Interneteko Bandcamp plataforman duten gunean entzun daitezke (s3rpi3nt3.bandcamp.com).

Talde interesgarria da S.E.R.P.I.E.N.T.E. Bere aire sigi-sagatsu liluragarriez gozatzen jarraitzeko, arretaz erreparatuko diegu bere mugimenduei, bere kantu berriei, eta, jakina, beren jendaurreko emanaldiei, agertokiaren gainean oso gustura aritzen baitira, grina handiarekin.