argia.eus
INPRIMATU
Norbere bidezidorretik
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2018ko uztailaren 17a
Urrezko kaiola. PERLATA. Autoekoizpena, 2018

Orain dela bi urte eskas ezagutu nuen Arrasateko Perlata taldea. Herrian antolatutako jaialdi batean eman zuen zuzenekoak txunditu ninduen; punka eta rock-and-rolla ulertu eta plazaratzeko moduak, eta batez ere transmititzeko freskotasunak eta erakutsitako jarrerak. Handik gutxira, beraien estraineko Nondik hasi… diskoa eskuratu nuen, baita gogoz entzun ere. Maialen, Ane, Jaione eta Ander bistaz ezagutzen nituen eta jakin banekien, gazteak izan arren, talde askotan ibiliak zirela (Lost Girls, No Ways, Interprete Desconocido, Neallta Fola…), beti ere punk eta rock-and-rollaren bueltan. Gogoz eta bereizgarri aritzen dira, eta hori halabeharrez entzuleari heltzen zaio.

Sasoi batean askoren ahotan izan zen taldea merezimendu osoz eta zenbait jaialdi eta kontzertu undergroundetan parte hartu zuten betiere hitz onak jasota. Gerora isil antzean ibili dira denbora batez eta ordutik ez ditut zuzenean ikusi. Eta, alajaina, astean jakin dut diskoa berria kalean dutela: honako hau.

Berrizko Lorentzo Records estudio beteranoa aukeratu dute berriro, eta oraingoan soinu zikinagoa eta ilunagoa erdietsi nahi izan dutela esango nuke. Aurreko lanean bezalaxe, ingelesa eta euskara uztartuta punk-rock eta rock-and-rollaren topikoetatik hurbil izan arren harago joan dira, eta, beste jarrera askotan bezala estilistikoki ere ahalegindu dira gizarteak esparru guztietan marrazten dituen patroi eta itxurakerietatik aldentzen eta horixe salatzen; horregatik Urrezko kaiola izenburua.

Beste behin laukoteak punka eta rocka ulertzeko eta transmititzeko duen ukitu propioak harrapatu nau; horrek eta ahotsek ingelesez zein euskaraz duten dikzio eta sinesgarritasunak. Gerra indartsua, zikina eta azkarra da, melodia ere badu; Rock soul Safety Pins eta Pussycats-en tankerako punk-rock-and-roll azkarra, biolinaren ukitu hillbillyak biderkatzen duena; Empty-k bi aurpegi ditu: rock ilun zein pisutsua eta erdi tenpoak; Garra-k lehen hardcore-punk talde melodikoen izaera dauka itsatsita eta erritmo dantzagarriak ere batzen ditu; Urrezko kaiola arnasarik gabeko punk-rocka da eta Memories pieza rockero eta makurrena.