argia.eus
INPRIMATU
Koma baten indarra
  • Alemania, 1870. Erich von Wolf kimikariak hosto berdeko barazkiak aztertu zituen, bakoitzak zenbat burdina zeukan ondorioztatzeko. Ikerketaren emaitzak koaderno batean idatzi zituen eta zerrenda horretan espinakak garbi nabarmendu ziren: 100 gramo espinakatan 35 miligramo burdina zeuden; burdin iturri oparotzat ditugun dilistetan, aldiz, 8 miligramo inguruan dabil. Egin kontu!

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko uztailaren 19a
Popeye pertsonaia 1929an sortu zuten eta 1932az geroztik espinakek ematen diote aparteko indarra.
Popeye pertsonaia 1929an sortu zuten eta 1932az geroztik espinakek ematen diote aparteko indarra.

1929ko hasieran, AEBetan, Elzie Crisler Segar marrazkilariak sortutako Popeye pertsonaiaren komiki tira argitaratu zen lehenengoz. Komikiak Thimble Theater izena zeukan orduan. Jatorrian marinelak Bernice izeneko oiloaren burua igurtzita lortzen zuen aparteko indarra. Baina 1932an ezohiko energia iturria aldatu zuen Segarrek: handik aurrera espinakak janda lortuko zuen super boterea.

1929ko kraxak piztutako krisialdiaren ondorioz, 1930eko hamarkadan  haurren anemia asko hazten ari zen; Popeye eta bere lagunen abenturak haurren elikadura hobetzeko kanpaina ezin hobeak ziren. Gerora bere neskalaguna izango zen Olive Oyl pertsonaiak oliba olioa kontsumitzearen aldeko kanpaina sotila izan zitekeen, baina ez zuen eragin handirik izan. Popeyeren espinaka latek ordea, bai. Barazki horren ekoizpenak eta salmentak gora egin zuen nabarmen; 2006ko ikerketa batek baieztatu zuenez, Popeyeren marrazki bizidunak ikusi ondoren, haurrek askoz errazago jaten dituzte espinakak.

1937an, beste kimikari alemaniar batek, Werner Schuphanek, berriro aztertu zituen barazkien osagaiak, eta espinaken burdin kantitatea 100 gramoko 3,5 miligramo ingurukoa zela ondorioztatu zuen. Von Wolfek lortutako emaitzaren hamarrena zen gutxi gorabehera eta horregatik ondorioztatu zuen beste kimikariari koma bat jartzea ahaztu zitzaiola edota datu horien transkripzio edo kopiaren batean galduko zuela funtsezko koma hori. Baina ordurako datu okerrak egiak baino indar handiagoa zuen.

1981ean Terence J. Hamblin immunohematologo ingelesak artikulua argitaratu zuen British Medical Journal aldizkarian, espinakek duten burdinaren mitoa behin betiko hautsi nahian. Burdin kantitatea pentsatutakoa baino hamar aldiz txikiagoa zela azpimarratzeaz gain, giza gorputzarentzat burdina hori xurgatzea oso zaila dela azaldu zuen: berez, hemoglobinarik gabeko produktuen burdina xurgatzea ez da erraza eta, gainera, espinakek dituzten oxalato gatzek, kaltzioak, magnesioak eta zuntzak are gaitzagoa egiten dute lan hori. Espinakek orotara duten burdinaren %2-7 soilik xurgatzen dugu. “Popeyek burdina nahi bazuen, hobe zukeen espinaka potoen latorria mastekatu izan balu” idatzi zuen Hamblinek.

Ez zuen bere helburua lortu eta egun, oraindik, espinakak burdin iturri nagusitzat jotzen dituzte askok. Eskerrak, burdin ekarpenik egin ez arren, beste propietate onuragarri asko dituztela.