argia.eus
INPRIMATU
Gazteen etorkizun profesionalarekin, zer?
  • Joan den astean bi albiste garrantzitsu izan dira, gazteen lan etorkizunari eragiten dietenak, eta beraz, gobernu, administrazio nahiz hezkuntza arduradunentzat hausnarketa eta eztabaidarako gai izan beharko luketenak.

Juan Mari Arregi 2018ko uztailaren 17a

Lehena: Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen txosten baten arabera, azken hiru urteetan hazkunde ekonomikoa izan den arren, ez dira gutxi ikasketak izan arren atzerrira migratu behar izan duten herritarrak. Txostenak dio goi ikasketak dituztenen artean “sarrera baino irteera gehiago” egon dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Bigarrena: Bizkaiko Sendagileen Elkargoak esan du ez direla “ikasle eta fakultate gehiago behar”. Aldiz, Adecco giza baliabideen enpresaren iritziz, badaude sektore ugari zenbait lanpostu betetzeko zailtasunak dituztenak, hala nola informazio eta komunikazio teknologietan, automozioan, metalgintzan, logistikan, elikaduran eta merkataritzan. Adibidez, metalaren sektorean falta dira tornulariak, fresatzaileak, prentsatzaileak, garraiolariak, makinaria mantentzen lan egiten duten teknikariak...

Beste behin azpimarratu behar dugu Lanbide Heziketaren garrantzia, garai bateko aprendizen eskolak gogoan. Administrazioen ardura da gazteak orientatzea urratu behar duten ibilbide profesionalean. Unibertsitatera joan edo eskulanean hasi, ondo legoke formaziorako arduradunek gazte eta gaztetxoei begiratzea, euren nahi eta beharren araberako lana aurki dezaten eta bide egokia har dezaten, izan ikasketekin segitzeko, nola profesio batekin hasteko. Langabezia eta frustrazio egoera ugari saihestuko genituzke horrela.