Erasoen aurrean, Erriberan elkar hartu dute

  • Euskararen Aldeko Plataforma eratu dute Tuterako AEK-k, Argia Ikastolak, Beterri Peñak, Arrigarai Euskaltegiak, A ereduan irakasle lanetan ari direnek eta Tuteran Jai Gazte Mugimenduak. Plataformako kideek adierazitakoaren arabera, Nafarroan euskararen kontra etengabe egiten diren erasoen aurrean, aukera berriak proposatu nahi dituzte, hizkuntzak bere esparrua izan dezan: “Euskarari aitortza egin behar zaio, euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan”.

Hainbat alderdi politikoren erasoaren aurrean euskaldunek eta euskaltzaleek biltzea erabaki dute Tuteran. Argazkian, 2015ean, 19. Korrikan Argia Ikastolako haurrak lekukoa hartuta. Argazkia: Iñigo Uriz / Foku
Hainbat alderdi politikoren erasoaren aurrean euskaldunek eta euskaltzaleek biltzea erabaki dute Tuteran. Argazkian, 2015ean, 19. Korrikan Argia Ikastolako haurrak lekukoa hartuta. Argazkia: Iñigo Uriz / Foku

Orain dela urtebete inguru, hainbat lagun bildu ziren Tuterako euskararen egoera aztertzeko eta hura hobetzeko egon daitezkeen aukerak aurreikusteko. Iñaki Bakero AEK-ko kideak azaldu duenez, Erriberan euskararen alde egiten duten hainbat talde eta elkarte daude (AEK, Ikastola, Hizkuntz Eskola…), baina orain arte, inoiz ez dira elkarlanean aritu. Beraz, eragileekin bildu eta euskararen aldeko plataforma sortzea proposatu zuten, “euskararen kontra pairatzen ari garen erasoa ikusita, oso beharrezkotzat jotzen baitugu elkarlanean aritzea”.

Dagoeneko, hainbat helburu zehaztu dituzte, hala nola, euskararen defentsan jardutea, euskararen aldeko jarrerak piztu eta indartzea, eta euskaldun eta euskaltzaleak bildu eta komunean dituzten guneak indartzea. Dena den, plataformaren sortze-prozesua abian da oraindik, urrian batzar irekia egiteko asmoa baitute, bertako kirol eta kultur elkarte eta alderdi politikoekin. Beraien proiektua eta iritziak aurkeztu, eta euskara beraiena ere badela azaldu nahi diete eragileei. Horietako batzuekin, ordea, ez dute gauza handirik espero. Izan ere, UPN, PP eta PSN alderdiak gogor ari direla salatu du Bakerok.

“PSNren aldetik, inoiz ez dut horrelako jarrerarik ikusi Erriberan”

Ekainaren 2an milaka pertsona elkartu ziren Iruñean, besteak beste, UPN, PP, PSN, Ciudadanos eta Vox alderdiek sostengatutako manifestazioan. Nafarroako Gobernuak euskararen esparruan daraman hizkuntza politika salatzeko bildu ziren manifestariak, Foru Gobernuak euskara Nafarroaren eta EAEren “batasun” modura erabili duela uste dute.

Jarrera horiek gizarte osoari eragiten diotela esan du Bakerok: “Euskararen kontrako iritziak indartzen eta zabaltzen ari dira, gizarteari zabaltzen dioten mezua da”. Horren arrazoia hauteskundeak direla uste du plataformak. Beraien iritziz, alderdi politikoak kanpainan daude dagoeneko, Nafarroako Gobernuan sartu nahi dute berriro, eta horretarako oraingoa apurtu nahi dute. Erriberako egoerari dagokionez, bertako UPN, PP eta PSN alderdiak inoiz baino “erasokorrago” daudela eta modu “askoz bortitzagoan” ari direla esan du Bakerok: “PSNren aldetik, adibidez, inoiz ez dut horrelako jarrerarik ikusi Erriberan. Ez dira izan euskararen defendatzaileak, baina inoiz ez diote egin eraso orain ari diren moduan”. Izan ere, euskaldun eta euskaltzaleek euskararen alde egindako bidea moztu nahi dutela uste du.

Horrez gain, egungo Nafarroako Euskararen Legeak zonifikazioa ahalbidetzen du, eta eskubideak zatitu. Parlamentuak lege hori alda dezakeen batzordea sortu zuen otsailean. Horren aurrean, aldatzeko aukerak izan arren, hori baino gehiago beharko dela adierazi du Bakerok.

Nafarren arteko bereizkeria, legez ezarria

Nafarroako Euskararen Legearen arabera, eremu euskalduna izendatutakotik kanpo dauden nafarrek ez dute euskaraz aritzeko aukerarik ziurtatuta. Izan ere, eremu ez euskaldunetako erakundeak ez daude zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzera behartuta.

Horren aurrean, Euskararen Lege berri eragingarria behar dutela adierazi du Alicia Iribarren AEK-ko kideak: “Nafarroan pairatzen dugun bereizkeriaren eragilea hizkuntza eskubideen zonifikazioa da. Bestelako hizkuntza politika bat nahi eta behar dugu, euskaraz bizitzea posible egingo duena”.

Asmo horrekin sortu zuen Parlamentuak otsailean legeaz arituko den batzordea. Horrelako neurriek euskarari lagundu ahal diotela pentsatzen du Bakerok, baina horrek arrisku bat duela ere esan du: “Aldatzeko aukerak badirela uste dut, baina daukagun egoera onartzeko arriskua dago. Jendeak pentsa dezake ondo ari garela eta nahikoa dela horrekin, eta ez da horrela”. Izan ere, euskarak “ausardia” gehiago behar du bere iritziz: “Lan asko dago egiteko eta gizarteak horren kontzientzia hartu behar du, gizarte mugimendu zabal eta indartsua jarri behar dugu martxan”.

Antzeko iritzia du Iribarrenek ere. Bere ustez, bestelako errealitate bat saldu nahi badute ere, egun euskaldunok “bigarren mailako biztanleak” izaten jarraitzen dugu: “UPN eta erregimenaren urte beltzak amaitu dira, baina argi eta ozen esan behar dugu aro beltzetik gatozela, eta edozein urrats oraindik ere oso txiki izaten ari dela”.

Plataformak Erriberako gizartea martxan jartzeko prozesua abiatu du, eta proiektua ezagutzera emateko euskararen aldeko jaia antolatu zuen ekainaren 9an, Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

Tuterako herritarrak ere euskararen kontra?

Ekainaren 9an antolatutako festan euskaltzaleek neurri handi batean erantzun zutela adierazi du Bakerok, eta giroa polita izan zela. Besteak beste, kontzertuez, umeentzako pailazoez, herri bazkariaz, eta bertso saioez gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

Hainbaten irudimena da Erriberako gizartearen zatirik handiena euskararen kontrakoa dela. Plataformaren ustez, bestalde, ez da horrela. Jende asko dago ez dagoena ados edo euskararen alde lan egiteko aktibatuta, baina kontra ere ez dagoena: “Momentuz, guk ez dugu ikusten Erriberako gizartea, gutxienez modu aktiboan, euskararen kontra. Euskararen alde ez dira aktibatzen, baina kontra ere ez dute egiten”.

Herrian finkatuta dituzten hainbat proiekturekin (AEK, Ikastola…) euskararentzako jendea eta espazioa irabazi dute Tuteran azken urteetan. Dena den, asko falta dela uste du Bakerok, eta horretarako erabili behar dutela plataforma: “Guretzat kristoren lorpena izango litzateke hemendik urte batera, hainbat eragilek, eta noski, norbanakok, publikoki adieraztea euskararekin bat egiten dutela”. Horren harira, euskararen aldeko esfortzuak metatu nahi dituztela adierazi du plataformak. Euskarak irabaziko badu, hein handi batean herritarren lanari esker izango dela uste dute kideek: “Elkarrekin egin behar dugu bidea. Izan gaitezen eragileak egunero eta leku guztietan, denon ardura da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


Eguneraketa berriak daude