Euskal herrialdeetako mugak errege-erreginek eta jaun-andreek ezarri zituzten Erdi Aroan. Hein batean artifizialak dira: Eskiula euskalduna beti Bearno izan da eta Ozaraine-Erribareita gaskoiduna, Zuberoa. Enklabe-esklabeek ziriari zotza sartzen diote.
Ustez feudalismoaren hondarrekin bukatzearren, 1790ean Frantziako iraultzaileek Pirinio Behereetako Departamendua sortu zuten. Orduz geroztik, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa ez dira ofizialki existitu. Haien esklabeak ere ez: Ezkoze (Baxenabarrerena) eta Jeztaze (Zuberoarena), biak Bearnon. Iaz Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa osatu zen. Elkargoak hiru herrialdeak bildu ditu, baita Baiona eta Bidaxune ere, Lege Zaharraren garaian beregainak zirenak. Gainera, Gaskoinia zein Bearnoko bost udalerri sartu dituzte bertan: Bokale, Samatze, Akamarre, Erango eta Lixoze. Bi esklabeak kanpo gelditu dira.
Espainian ere departamenduak proposatu zituen baten batek (Matxitxako eta Bidasoa, gure kasuan). Alferrik. 1833an, probintziak sortu zituztenean, Hego Euskal Herriko lauretako mugak hain hertsiki errespetatu zituzten, ezen enklabe eta esklabe guztiak bere horretan utzi baitzituzten.
1840tik goiti zazpi kuadrillak osatu dute Araba: Gasteizek, Agurainek, Aiarak, Guardiak, Zuiak, Mendozak eta Añanak. 1996an Zortzigarrena Fundazioa eratu zen, Uda, Gaztelaren esklabea (Landazurik halaxe, “Uda”, zeritzon XVIII. mendean Trebiñuri; ez dakit zergatik ez duen onetsi toki-izen hori Euskaltzaindiak), Arabako zortzigarren kuadrilla bihurtzeko asmoz, udatar gehienek sostengaturik. Urduñan ez da inoiz antzeko mugimendurik izan Bizkaiaren esklabea bederatzigarren kuadrilla bilakatzeko. Eta, dakidala, inori ez zaio oraindik bururatu Arabako Busturia berreraikitzea, Aiarako Kuadrillaren barruan, Urduñaz eta Amurrioko mugapeko Delika, Artomaña, Aloria eta Tertanga herriez.
Enkartazioetan Billaberde dago, nahiz eta 1440tik goiti Gaztelako Erresumarena izan, gero Sanandereko Probintziarena eta, gaur egun, Kantabriako Autonomia Erkidegoarena. Hemen ez da liskarrik. XIX. mendean Trueba enkartaua izan zen enklabearen bizkaitartasuna aldarrikatu duen bakanetakoa.
Petri II.a Aragoiko erregeak Antso Azkarrarekin jokaturiko karta partida batean galdu omen zuen Petilla. Bertako bizilagunak nafar sentitzen dira. Batzuk euskal herritar ere bai. Salbuespen sonatuena Ramón y Cajal Nobel sariduna izan zen. Haren aragoitartasuna zela eta, zenbait zinegotzik haren izena ukatu nahi izan zioten Iruñeko kale bati.
Feudalismoa arroka gogorra gertatu da gurean.