argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak, arraza eta klasea
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2018ko uztailaren 10

Angela Davisek Emakumeak, arraza eta klasea liburuan AEBetako emakumeen aurkako azpiratzea aletzen du, beltzak eta langile-klasekoak izateagatik areagotua. Liburuak badakar Lorea Agirrek Davisi eginiko elkarrizketa, non “beltzak” eta “euskaldunak” alderatzen dituen; hango azpiraketan arrazakeriak eta Euskal Herriarenean hizkuntza-zapalkuntzak duen zentraltasunagatik. Davisek ohartarazten du, dena den, ezin dela herri bateko errealitatea zuzenki bestera pasa, tokian tokiko berezitasunak aintzat hartu behar direla.

Hizkuntzaren aldeko borroka feminismoa eta klase borrokarekin elkarlotzeak badu zentzua. Areago, baita ekologismoa, justizia soziala, baserria, inklusioa eta borroka justu guztiekin lotzea ere. Eta zentzuaz harago, hobeto koka gaitezen laguntzen du eta dimentsio berriak ekarri.

Angela Davis Bilboko kaleetatik ibili bazen, ordea, ikusiko zuen beltzak egon badaudela, baita magrebtarrak, latinoamerikarrak eta arlote gehiago. AEBetan bezala arrazakeria pairatzen dutela, beheko klaseetakoak direla, eta emakumeak badira hori dena areagotzen dela. Horrek ez du ukatzen euskaraz bizi nahi duen euskalduna azpiratuta ez dagoenik; barrikada-kideak identifikatzen laguntzen du.

Duela 40 urte euskara Euskal Herri osoan guztiz azpiratua zegoen, gaur egun, eskolatik hasi eta ETB1eraino, baditu bere esparrutxoak, nongo euskalduna zaren arabera handiagoak ala ttipiagoak. Tokian tokiko errealitateak aintzat hartu behar dira, horregatik ez dira onargarriak Patxi Mendiburuk Nafarroako D ereduaren gainean errandakoak: “Baztertzailea da etorkinak eta adimen urrikoak paretik kendu eta guayak geratzen zarete”. Espainiera, berriz, unibertsala, abegikorra eta integratzailea omen da. To eta ño!

Honek, bihotzerrea igarota, pentsarazi beharko liguke Espainiak eta Frantziak jarri diguten tranpaz: euskararen azpiratzea diru-laguntzen bidez ezkutatu eta menderatu. Euskara posible duzu, baldin eta ordaintzen baduzu. Ez soilik Nafarroan eta Iparraldean, EAEn ere bai. Zenbat dira egunero gaztelania jakin ez, eta EPAn dohainik ikasten ari diren etorkinak? Zenbat etorkinen seme-alaba bideratzen dira A ereduko eskola eta institutuetara “euskara ezingo dutela ikasi” esanik?

Euskaraz bizi nahi dugun euskaldun zuriok kexu gara –arrazoiz– egunero gu azpiratzeko eraikita dagoen sistema batean bizi garelako. Baina ez dugu pairatzen klase-zapalkuntzarik euskaldunak izateagatik, eta garai bateko aldarrikapenak –publikoa eta unibertsala– gero eta katramilatuago ikusten ditut instituzioek jarritako amaraunetan.   

Mila frente daude, baina espainiera eta frantsesari ezin diegu utzi hizkuntza integratzaile eta dohainekoen statusa izaten beltzen begietan.